Atzo aurkeztu zuten Astigarragako 2023-2027 legegintzaldirako plana, erakusketa baten bidez

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 15a, 00:00

Xabier Urdangarin alkatea eta Esti Neira zinegotzia, Erriberako erakusketan.

Herritar ugari bertaratu ziren aurkezpenera, eta Udaleko kideek proiektu nagusiak azaldu zituzten. Erakusketa martxoaren 27ra arte mantenduko dute.

Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten Astigarragako Udal Gobernuko kideek 2023-2027 agintaldirako proiektuak eta erronkak. Herritar ugari elkartu ziren Erriberan, eta erakusketa baten bidez azaldu zituzten datozen urteetarako asmo esanguratsuenak. 

Legegintzaldiko planaren zati haundi bat urrian hasitako 'Astigarragarantz' herri gogoeta saioetatik sortu dute, bertatik eratorritako lan ildoak eta Udal Gobernuak landutako beste zenbait proiektu uztartuta. Erriberan ikusgai jarri duten erakusketan 23 proiekturi buruzko informazioa dago, panel informatiboetan antolatuta; horietan irakur daiteke proiektu bakoitza zein egoeratan dagoen une honetan, baita obrak egingo diren daten aurreikuspena eta aurrekontua ere. 

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak nabarmendu zuen «proiektu garrantzitsuak» gauzatuko dituztela legegintzaldi honetan. Aipagarrienak dira osasun zentro berriaren eraikuntza, Kiroldegiaren zein Herri Eskolaren haunditze lanak, DBHko eraikinaren eraikuntza eta aldiriko trenaren geltokia. Horrez gain, partaidetza prozesuetan landutako ildoetan «sakontzen jarraitzeko» konpromisoan berretsi zen Udal Gobernua; berdintasunean, euskeran, irisgarritasunean eta garapen jasangarrian, hain zuzen. Azalpenekin batera, Urdangarinek eskerrak eman nahi izan zizkien parte hartze prozesuan lanean aritu diren pertsona eta eragile guztiei.

Legegintzaldiko plan osoa datozen asteetan jarriko dute irakurgai astigarraga.eus webgunean.  

Paneletan azaldu dituzte proiektuak.
 

Erakusketa zabalik, martxoaren 27ra arte

Azalpenak jasotzen dituen erakusketa martxoaren 27ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera (09:00-13:00 eta 16:00-20:00). Gainera, Udal Gobernuko kideak bertan izango dira martxoaren 21eko arratsaldean eta martxoaren 25eko goizean, bertaratzen diren herritarrei azalpenak emateko. Hortaz, erakusketa bisitatzeko gonbidapena egin diete astigartarrei.

 

Herri gogoetetatik eratorritako ideiekin eta Udal Gobernuak landutako proiektuekin osatu dute legegintzaldirako plana.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!