Hitzarmen berria sinatu zuten joan den ostiralean Astigarragako Udalak eta Astiko elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 00:00

Astigarragako Udala eta Astiko elkartea ostiralean, hitzarmena sinatzen.

Merkatari, ostalari eta zerbitzu establezimenduen elkarteak 25.000 euroko dirulaguntza jasoko du tokiko kontsumo eta sektorea sustatzeko.

Udala urteko lehen hilabeteetan, dirulaguntza izendunak eta lehia irekikoak jartzen ari da martxan, eta horren erakusle da, Astiko elkartea; izan ere, joan den martxoaren 8an, hitzarmena sinatu zuen Udalarekin 25.000 euroko diru laguntza jasotzeko.

2024rako, Astikok «orain arteko lan-ildo nagusiei jarraipena ematea» du helburu. «Sektorea indartzea Astigarragako merkatarien eta ostalarien lankidetza sustatuz, elkarteari ikusgarritasun eta hedapen handiagoa ematea, herrian kontsumitzen dutenak leialtzea eta herriko merkatari eta ostalariak prestatzen jarraitzea». Horretarako, Astigarragako merkatari, ostalari eta zerbitzu establezimenduen elkarteak ekintza arrakastatsu batzuei eutsi nahi die (Gabonetako GauTopa eta zozketa),eta beste ekimen berritzaile batzuk jarri nahi ditu abian; besteak beste, adin txikikoek establezimenduetako telefonoak erabiltzeko aukera zabaltzea, eta tokiko kontsumoa sustatzeko formula berriak abian jartzea.

Astiko elkartearekin batera, hitzarmenak sinatu berri dituzten edo egiten ari diren hainbat elkarte daude; hala nola, Galtzaur elkartea, Matazak elkartea, eta Astigarragako Emakumeon Etxea. «Hitzarmenak dira bakoitzari bere arloan dagozkion helburuak lortzeko eta ekintzak bideratzeko», azaldu du Udalak.

Horrez gain, kulturaren, jaien eta ospakizunen arloko dirulaguntzen deialdi irekiak ere abian jarri dira, «bai eta lehen sektoreko proiektuak sustatzea helburu dutenak ere», gehitu du Astigarragako Udalak.
Amaitzeko, Udalak jakinarazi du, falta diren dirulaguntza izendunak onartu eta hitzarmenak sinatuko dituela, eta «lehia askeko deialdiak abiaraziko ditugu datozen hilabeteotan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!