Astigarragako Udal Gobernuak 2023-2027 legegintzaldirako plana aurkeztuko du ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 11a, 00:00
Alkateak eta zinegotziek aurkeztuko dituzte proiektu esanguratsuenak.

Arratsaldeko 19:00etan hasiko dute saioa, eta legegintzaldiko proiektu nagusiak biltzen dituen erakusketa jarriko dute ikusgai.

Ostegun honetan, hilaren 14an, aurkeztuko du Astigarragako Udal Gobernu taldeak 2023-2027 legegintzaldirako prestatu duten plana. Erriberako erakusketa aretoan jarri dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, eta bertan emango dituzte proiektu nagusiei buruzko xehetasunak.

Aurkezpen ekitaldia «atsegina» izatea da Udalaren nahia. Horregatik, alkateak eta zinegotziek azalpenak emateaz gain, musika egongo da tartean, eta ekitaldiaren amaieran mokadutxo bat eskainiko diete bertaratzen diren herritarrei: «Herritarren eta tokiko eragileen nahietatik eta beharretatik abiatu diren proiektu horiek azaltzeko, oso garrantzitsua da herritarrek eta eragileek ekitaldian parte hartzea», adierazi dute.

Astigarragan gauzatuko dituzten proiektuak azaltzeko, erronka nagusiak biltzen dituen erakusketa erabiliko dute ordezkariek. Gainera, zehaztu dute proiektu guztiak «berdintasunerantz, jasangarritasunerantz eta parte hartzerantz» bideratuta daudela: «Hurrengo urteotan gauza asko gertatuko dira herrian, kiroldegia haundituko da, Apeztegiko igogailua eraikiko da, ibai parkea haundituko da, Herri Eskola haundituko da, DBHko ikastetxea eraikiko da, aldiriko tren geltokia egingo da...».

Ostegun honetan Erriberara joan ezin duten herritarrek erakusketa ikusteko aukera izango dute martxoaren 27ra arte, Erribera zabalik dagoen ordutegian (astelehenetik ostiralera 09:00-13:00 eta 16:00-20:00). Gainera, martxoaren 21eko arratsaldean (17:00-19:00) eta martxoaren 25eko goizean (11:00-13:00) Udal ordezkariak bertan egongo dira proiektuei buruzko argibideak emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!