Martxoan onartuko du Astigarragako Udalak aldiriko tren geltokia eta pasabidea egiteko hitzarmena

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 10a, 00:00

Argazkia: astigarraga.eus.

Behin hitzarmena onartuta, «lehiaketa abian jartzea eta obrak hastea» izango dira hurrengo urratsak.

Aldiriko trena Astigarragara iristeko beste pauso bati buruzko informazioa hedatu du Udalak. Aurreikusten dutenez, martxoan onartuko du aldiriko tren geltokia eta pasabidea egiteko hitzarmena, Eusko Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiarekin eta ADIFekin batera.

Hitzarmen horretan zehaztu dituzte obren finantzaketa eta erakunde bakoitzaren betebeharrak: «Astigarragako Udalari, lurrak ADIF-eri lagatzea eta pasabidea 75 urteetan zaintzeko eta mantentzeko ardura egokituko zaizkio. Hasierako planteamendutik urrun, Astigarragako Udalak dirurik jarri behar ez izatea lortu da», azaldu dute Udaletik.

«Udalak lurrak lagatu behar dituenez, hitzarmena jaso bezain azkar, udalak lagapen hori gauzatu ahal izateko legediak eta arautegiak zehazten dituen prozedurari ekin dio eta horri esker, martxoan bertan hitzarmena onartzeko prest egongo da», zehaztu dute.

Geltokiaren eta pasabidearen guztizko kostua 13.677.563,75 eurokoa da (BEZa kanpo), baina finantzaketa beste erakundeen esku geratuko da bere osotasunean.

Hitzarmena sinatzen den momentuan, hurrengo urratsak «lehiaketa abian jartzea eta obrak hastea» izango dira: «Obrak 2025-2026 urteetan egingo direla aurreikusten da. Ardura hau guztia Eusko Trenbide Sarerarena izango da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!