Aurrekontuaren %75,16 exekutatu zuen Astigarragako Udalak iaz

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 9a, 00:00

2023ko likidazioaren betetze-maila azken sei urteetako altuena izan da. 2017an baino 6.152.729 euro gehiagoko gastua exekutatu da.

Astigarragako Udalak bere au­rre­­kon­tuaren %75,16 gauzatu zu­en 2023 urtean, inoizko zenbateko altuenarekin, ia 14.000.000 euroko zifrara iritsita; zehazki, 13.978.062,77 euro. Betetze-mailari dagokionez, azken 6 urteetako gauzatze-maila altuena izan da. Hala ere, azken 6 urteetako alderaketa adierazgarria da: 2023an 2017an baino 6.152.729,87 euro ge­hiagoko gastua exekutatu dau Udalak (%78,6 gehiago).

Inbertsioei dagokionez, aurreikusitakoen %50,66 gauzatu zen 2023garren urtean, (zehazki 3.614.303,95 euro); azken zazpi urteetako gauzatze-maila altuena. Hemen ere, azken zazpi urteetako eboluzioa adierazgarria izan da: 2016an baino 1.833.358,13 euro gehiago bideratu dira inbertsiotara (%103 gehiago).

«Argi dago, zifra hauek guztiak udal gobernuaren ekimenaren eta martxa etengabearen isla direla», adierazi du Udalak.
 

Diru sarrerak inoizko altuenak izan dira

2023 urtean, diru sarrerak 13.230.676,40 eurokoak izan dira, inoizko altuenak; aurreikusitakoaren %71,14 bilduta, hain zuzen ere. Ezohiko diru sarrerak albo batera utzita eta sarrera arruntetan fokoa jarriz, emaitza «positiboagoa» izan da: 12.091.424,90 eurokoak izan dira sarrera arruntak, aurreikusitakoa baino %5,71 gehiago eta iaz baino %17,83 gehiago. «Inoizko zenbateko altuena eta Udalaren gihar sendoaren erakusle», diote Astigarragako Udaletik.

Datu hauek kontuan hartuta, Astigarragako Udalaren aurrekontu emaitza doitua 2.947.749,63 eurokoa izan da, eta diruzaintzako gerakina 5.062.206,05 eurokoa da. 2023an erabat gauzatu gabe geratu diren eta, batik bat, martxan dauden egitasmo eta inbertsioekin amaitu ahal izateko, 5.062.206,05 euro horietatik  2.976.578,09 euro txertatu dira 2024ko aurrekontuan; besteak beste, ibai-parkeko, Sagardotegi Zeharreko saneamenduko eta brigadaran lokaleko lanak, eta kiroldegiaren haunditzearen proiektua idazketa amaitu ahal izateko txertatu dira kredituak.

Bestetik, behin txertaketa onartuta, gerakinean geratzen diren 2.085.627,96 euro horietatik beste 1.663.250 euro gehituko dira 2024ko aurrekontuan. Besteak beste, 1.000.000 euro kiroldegi­aren haunditzea finantzatzen hasteko gehitu dira. Gainera, 150.000 euro gehitu dira dBizi sistema Astigarragara zabaldu ahal izateko, beste 120.000 euro 'Zure esku' ekimen partehartzailea finantzatzeko, 183.000 euro Europar funtsek finantzatuko duten ur-sarearen publikoaren digitalizazioa gauzatzeko eta 50.000 euro herri-bideen konponketarako kreditua areagotzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!