Martxoak 8, Astigarragako Udalaren Adierazpen Instituzionala

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 8a, 11:11

Emakumeen nazioarteko egun honetan, bidezkoa da gure gizarteak historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakume guztiei aitortza egitea, bereziki, .adineko emakumeen egungo belaunaldian, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua egon den belaunaldi horri.

Sistema patriarkalak emakumeen ideiak ikusezin bihurtu ditu eta haien aktibismo politiko eta soziala ukatu ditu, beraien aldarrikapenak isilaraziz eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuz. Gainera, sistematikoki ezkutatu dira jatorri eta tradizio kultural desberdinetako emakumeen, emakume arrazializatuen, lesbianen, dibertsitate funtzionala duten emakumeen eta adineko emakumeen ekarpenak.

Gero eta gizarte zaharragoa da gurea, horrek zaintza erdigunean jartzeko beharra dakar, besteak beste adineko emakume asko mendekotasun egoeran bizi delako. Hori horrela, bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da. Alde batetik eremu pribatuan, emakumeek familia eremuan bereziki egindako lan ordaindugabea ikusaraziz eta bestetik feminizatutako eremuetan egindako lan ordaindu prekarioa salatuz.

Argi geratu zen herritar guztien bizitzek ez dutela berdin balio gure herrietan, eta emakumeen gainean erortzen dela zaintzaren lan karga gehiena. Honek dakarren ondorioetako bat, feminismoetatik izendatutako lanaldi bikoitz edo hirukoitzak dira, beste gauza batzuetan emakumeei haien denbora eskaintzeko aukera kenduz, izan lan ordaindua, militantzia politiko soziala etab. Hau da, boterea zentzu zabalean eta gaitasun politikoak sortzen dituzten alor horietan guztietan egoteko aukera murrizten zaie emakumeei. Honen eraginez, denboraren banaketa desparekoak gertatzen jarraitzen dute eta emakumeek zaintzen ematen duten denbora horretan lan hauetatik ardurarik hartzen ez duten gizonek boterea metatzen jarraitzen dute.

Egoeraz jabetu eta horri erantzungo dioten politika publikoekin emakumeak boteretzea lortu behar dugu. Horretarako, ezinbestekoa da Gobernantza Feminista. Gobernantza Feminista berdintasun planen zutoinetako bat izan da, berdintasun politiken testuinguruan, eta Gobernu Ona esan nahi du. Egiteko moduei begiratzean datza, egiten denari baino gehiago. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat, bestela esanda jarduteko eta lan egiteko prozedurak aldatzea.

Garrantzia eman behar diegu alor publikoaren eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu partekatuak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz. Asmo eta borondate hori guztia hezurmamitzen du, nolabait ere, Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat eragilek eta sindikatuk joan den azaroaren 30eko greba orokorraren harira ondu duten Herri Akordioaren helburu nagusiak: «Pertsona guztiek, bizi osoan, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egitea».

Horregatik guztiagatik, Astigarragako Udalak honako hau erabaki du:

  • Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino.
  • Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak babestea, ahalduntze feministarako eta adin eta baldintza desberdinetako emakumeen aliantzarako guneak izan daitezen.
  • Errenta baxuenak dituzten adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea, eskumena duten erakundeen aurrean, eta konpentsazio neurriak aztertu eta artikulatzea, bestetik, dauden laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea.
  • Berdintasun mahai txikiaren bidez gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko bat garatzea.
  • Mugimendu Feministarekin batera Herri Akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuetan aurrera eramatea.
  • Garatzen ari garen IV. Berdintasun Planaren bidez zein epe laburrean burutuko dugun Barne Planaren bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
  • Zaintzen duen Astigarragarantz aurrera pausuak ematea. Horretarako, egungo zerbitzuak ikuspegi feministatik indartzea eta Zaintza Plan bat osatzea. Arreta jarriz adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbideratzean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!