Indarkeria eta eraso matxisten eskuhartzeei buruzko hitzaldia izango da gaur Emakumeon Etxean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 2a, 00:00

Hernaniko batukada feministaren gidari ere bada Ainara Sarasketa.

Emagin elkarteko Ainara Sarasketak eskainiko du, 10:00etatik 11:30etara: 'Nola jokatu eraso matxista baten aurrean?'. Astigarragako Berdintasun Mahai Txikiak antolatu du, martxoaren 8ko egitarauaren baitan.

Astigarragako Berdintasun Ma-hai Txikiak antolatuta, indarkeria eta eraso matxisten eskuhartzeei buruzko hitzaldia izango da gaur, martxoaren 8ko egitarauaren baitan. Emagin elkarteko Ainara Sarasketak eskainiko du, goizeko 10:00etatik 11:30etara, Emakumeon Etxean: 'Nola jokatu eraso matxista baten aurrean?'. Herriko hainbat eragilek osatutako foroa da Berditasun Mahai Txikia: Emakumeon Etxea, Gazte Asanblada, Xaguxar Aisialdi Taldea, Matazak indarkeria sexistaren aurka elkartea, Gaztelekua eta Astigarragako Udaleko Berdintasun Saila.

Gaurko saioan, genero-rolei buruzko gogoeta egingo dute, eta aztertuko dituzte indarkeria eta erasoak identifikatzeko eta detektatzeko tresnak. Horrekin batera, zehaztuko dituzte jarraitu beharreko pausoak eta biktima artatzean aintzat hartu beharreko gomendioak, edozein herritarrek eraso bat ikusi edo indarkeria egoera baten berri izanez gero. «Herritar guztion ardura da Astigarraga indarkeriarik gabeko herria izatea, eta saioa nork bere erantzukizunaz hausnartzeko abagunea izango da», aurreratu dute. Hitzaldiaren ondoren, 'Nik sinesten dizut' txapak banatuko dituzte bertaratutakoen artean.

 

Manifestazioa, martxoaren 8an

Datozen egunetarako ere, hainbat hitzordu zehaztu dituzte. Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, manifestazioa egingo dute, 17:30etan Erriberatik abiatuta. Emakumeon Etxeak, Gazte Asanbladak eta Xaguxarrek antolatu dute.

Eta hurrengo egunean, martxoaren 9an, '(Anti)dietan nago' hitzaldia eta bazkari autogestionatua egingo dituzte Emakumeon Etxean, 11:00etatik aurrera, Gazte Asanbladak eta Emakumeon Etxeak antolatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!