'Juana' liburua argitaratu zuen, iazko irailean, Jon Artano Izeta kazetari eta idazle zestoarrak. Liburuaren aurkezpena egingo du gaur Astigarragan, arratsaldeko 18:30etan Erribera kulturgunean. Doakoa izango da saioa.
Kolonbiara garamazki liburuak. 2020ko urriaren 29ko goizaldean, gorpu bat aurkitu zuten Nuquí herrixkako hondartzan, buruan hiru tiro zituela. Juana Perea Platarena zen gorpua. «Gerrako hariek jositako biografia txundigarria» zeukan kolonbiarrak, eta liburu honetan jaso du Artanok, krimenaren tokira bidaiatu, lekukoekin hitz egin eta ikerketa agiriak arakatuta. 1937an Bilbotik ihesi Bogotara iritsitako familia bateko «ardi beltza» zen Juana Perea Plata, «legendazko emakume bat».