Asteartean egin zuten Astigarragan otsaileko Osoko Bilkura. Proposamen ugari jarri zituzten bozkagai, eta guztiak aho batez onartu zituzten; tartean anbulategi berria egin ahal izateko aldaketa bat.
Iazko udazkenean onartu zuen Osakidetzak anbulategi berriaren kokalekua. Bidebitarteko kantxen eremuan egitea adostu zuten Astigarragako Udalarekin, baina proiektua martxan jarri ahal izateko beharrezkoa da eremuaren kalifikazioa aldatzea. Lurra ekipamendu sistema orokorrera aldatzea onartu zuten Plenoan, eta espedientea martxan jartzearekin batera, herritarren iritziak jasotzeko tartea ahalbidetu dute.
Hartutako beste erabaki esanguratsu bat garbiketa zerbitzuari buruzkoa izan zen. Indarrean dagoen kontratuari urte bat geratzen zaion arren, kontratu berriaren tramitazioa jarri dute martxan. Izan ere, garbiketa enpresak jakinarazi zion Udalari oraingo baldintzetan ezin diotela lanari aurre egin. Espedientea onartuta, lehiaketa berria martxan jartzeko proposamena ere onartu zuten; kasu honetan, bi urteko kontratua eskainiko du Udalak, urtebeteko bi luzapen egiteko aukerarekin. Lehenengo urteko prezioa 325.000 eurokoa izango da, baina igotzen joango da urtez urte, konbenioak hala zehazteaz gain, Udal eraikin gehiago izango direlako.
Autotaxi zerbitzuari dagokionez, 2024rako onartuak zeuden tarifak bertan behera utzi eta berriak onartu zituzten. Erabaki hau Donostiako, Oarsoaldeko eta Buruntzaldeako taxilarien hitzarmenarekin lotuta doa. Eskualde horietako taxilariek herri guztietan lan egin ahal izateko, tarifak bateratu dituzte.
Erabaki horiez gain, udal langileen soldata igoera ere onartu zuten Plenoan. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako soldatetan 0,5eko igoera izango dute.
Inbertsioak eta gerakina
Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak 2023ko udal aurrekontuaren likidazioari buruzko datuak eman zituen. Gastuen gauzatzea %75ekoa izan da; guztira 14 milioi euro inguru gastatu ditu Astigarragako Udalak, eta inbertsioetan jarri zuen azpimarra Urdangarinek. Horrez gain, jasotako diru sarrerak aurreikusitakoak baino %6 haundiagoak izan dira, eta positiboa izan da aurrekontuaren emaitza.
Gerakina 5 milioi eurokoa izan da; horietatik ia 3 milioi euro dagoeneko txertatu dituzte iaz hasi eta aurten bukatuko diren proiektuetan, eta geratzen denenetik 1,6 milioi euro aurtengo aurrekontuan txertatzea onartu zuten Plenoan.