Martxan dira ibai parkea haunditzeko obrak, eta maiatzean bukatuko dituzte

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 26a, 00:00

Ibai parkea haunditzeko obren eremua. Argazkia: Astigarragako Udala

Parkearen egokitzapen eta jarraipen lanak ari dira egiten, uholde arriskua murriztu eta paseoa luzatzeko, besteak beste.

Martxan dira Andre Gobadarien ibai parkea haunditzeko obrak, eta maiatzean bukatuko direla aurreikusi du Astigarragako Udalak. Behin lanak bukatuta, Bidebitarte poligonoaren bukaeraraino iritsiko da ibai parkearen ibilbidea.

Parkearen «egokitzapen eta jarraipen lanak» dira egiten ari direnak, 2017an ibai parkearen lehenengo zatia egin ondoren. Oraingo obren bitartez, «uholde arriskua murriztu, ibai-ekosistema hobetu eta herritarrengana hurbildu» nahi dute; eta horrekin batera, espezie inbaditzaileei aurre egin. Horretarako, hainbat egokitzapen burutuko dituzte: errekastoaren ibilgua desbideratu, espeziak eta landaredia egokitu, oinezkoentzako bideak egin, eta hiri-altzariak jarri, besteak beste.

Uholde arriskua murrizteko desbideratuko dute errekastoaren ibilgua, Bidebitarte poligonoari atxikita dagoena eta bertako euri-urak biltzen dituena. Ondoren, pasabide bat jarriko dute, ibilgu berria zeharkatzen duen oinezko bideari jarraipena emateko, eta poligonoko euri-uren bilketa bideratzeko. Gainera, jaitsi egingo dute Urumea ibaiaren eskuin ertzeko plataforma.

Landarediari dagokionez, espezie toxikoak tratatu eta inbaditzaileak ezabatu egingo dituzte. Landaketa-dentsitateak ere egokitu egingo dituzte, sortutako bideekin eta bidezidorrekin bateragarriak izan daitezen. Eta anfibioentzako putzu bat ere eraikiko dute, «habitata dibertsifikatzeko eta espezie horien ugalketa-eremuak sortzeko».

Guztira, 603.914,59 eurokoa izango da obra horien aurrekontua, BEZa barne.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!