Ia milioi bat euro bideratuko du Udalak dirulaguntzetara, 2024an

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 21a, 00:00

2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoari oniritzia eman zion Astigarragako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, urtarrileko bileran.

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu beharra daukate udalek, dirulaguntzak eman ahal izateko; eta eskakizun hori betetzeko, Astigarragako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak urtarrileko bileran landu zuen gaia: onarpena eman zion 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategiko­ari. Plan horrek jasotzen ditu Udalak agintaldi honetan emango dituen dirulaguntza izendunak eta lehia askekoak.

Horrela, aditzera eman dute 2024 urtean dirulaguntzetara bideratuko duten diru kopurua ere. 970.055,52 euro izango dira guztira: 661.983,33 euro dirulaguntza izendunetarako, eta 308.072,19 eu­ro lehiaketa irekiko dirulaguntzetarako. 31 dirulaguntza izen­dun aurreikusi ditu Udalak, eta lehia askeko 16 deialdi irekiko ditu. Horien helburua da «baliabide ekonomikoak bideratzea interes orokorreko ekimenetara, eta garapen ekonomikoari eta gastu sozialari laguntzea».

10 arlotan daude banatuta plan estrategikoan aurreikusitako dirulaguntzak, eta aurreratu dituzte arlo bakoitzeko deialdi kopurua eta zenbateko osoa ere: etxebizitzaren arloan, bi deialdi eta 33.000 euro; ingurumenean, hiru deialdi eta 37.000 euro; merkataritzan, bi deialdi eta 43.000 euro; berdintasunean, hiru de­ialdi eta 65.000 euro; euskeraren arloan, zortzi deialdi eta 174.500 euro; gizarte zerbitzuetan, zortzi deialdi eta 123.522,19 euro; hezkuntzan, zazpi deialdi eta 196.383 euro; gazterian, deialdi bakarra eta 8.500 euro; kirolean, bost deialdi eta 153.004,83 euro; eta kulturan eta jaietan, zortzi deialdi eta 136.145,50 euro.

Plana onartuta, datozen hilabeteetan elkarteekin hitzarmenak sinatzen eta ordainketak egiten arituko da Udala, eta baita lehia askeko dirulaguntza deialdiak martxan jartzen ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!