Hondakinen edukiontziak lekualdatu dira bizilagunengana hurbiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

Hondakinen edukiontziak hurbildu dizkiete bizilagunei.

Ergobian egin da eta kokapen berriaren jarraipen zehatza egingo da, zabor pilaketak saihesteko.

Astigarragako Udalak, Ergobia Plazatxoa 23 eraikinaren atzealdean zeuden hondakin edukiontziak Grabelin kalera eraman ditu, Zubimusu, Grabelin eta Ergobia plazatxoko 12, 14, 15, 16, 18 eta 19 zenbakietako bizilagunei hurbiltzeko asmoz.

Bere garaian, Astigarragako Udalak edukiontziak Zubimusu kalearen parean kokatzeko saiakera egin zuen, eta ingurua zabor-gune bihurtu zen. Horregatik, nora eraman aztertu zen eta Ergobia plazatxoko 23. zenbakira eraman ziren.

Oraingoan, Udalak beste saiakera bat egin nahi du edukiontziak bizilagunei hurbiltzeko. Aurrekarien jakitun izanik, kokapen berri horren jarraipen zehatza egingo du Udalak, zaborraren pilaketa errepika ez dadin.

Gainera, Udalak herritar guztiei gogorarazi nahi die hondakin bakoitza bere edukiontzian uztea eta ingurua garbi mantentzea guztion ardura dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!