Eulalia Abaitua argazkilariaren bizitza eta obra izango dira protagonista Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarra.

'Mira hadi' emanaldia eskainiko dute gaur Lide Hernandok eta María Urcelayk, 19:00etan Erriberan, Eulalia Abaituaren bizitza kontatzeko arte bisualaren eta zuzeneko musikaren bitartez. Hilaren 19tik 29ra, berriz, Abaituaren argazkien erakusketa izango da ikusgai, goizez eta arratsaldez.

Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarra izango da protagonista datozen bi asteotan, Erribera kulturgunean: haren bizitzari buruzko emanaldi berezia eskainiko dute gaur, eta bere argazkien erakusketa jarriko dute hilaren 19tik 29ra.

Lide Hernando musikariak eta María Urcelay aktoreak eskainiko dute 'Mira hadi, Eulalia Abaitua andre-begietan' ikuskizuna, gaur iluntzeko 19:00etan hasita. Arte bisualaz eta zuzeneko musikaz baliatuta, Eulalia Abaituaren bizitza kontatuko dute; «aitzindaria izan zen emakume baten bizitza», alegia. Euskeraz izango da emanaldia, eta sarrerak eskuragarri daude Erriberan bertan eta astigarraga.eus webguneko sarreren salmentaren atalean: helduenak 8 euroan, eta adin txikikoenak 4 euroan.

Ez da oso ezaguna Eulalia Abaituaren bizitza. 1853an Bilbon jaioa, gazte zela Liverpoolera bizitzera joan zen, Bigarren Karlistadatik ihesi. Bertan ezkondu zen Juan Narciso Olano ontzigile lesakarrarekin, eta Ingalaterran ezagutu zuen argazkilaritza, gerora bere lanbidea izango zena. Argazki etnografikoaren sortzaile aparta izan zen, eta teknikari dagokionez berritzailea. 1876 inguruan bueltatu ziren Bilbora, eta argazki laborategia osatu zuen bere etxeko ganbaran, Begoñako basilikatik gertu.

Euskal Herriko emakumezko argazkilarien artean, ezagutzen den aurrenekoetakoa da Eulalia Abaitua. Guztira, berak egindako mila argazki baino gehiago daude gordeta, horietako asko Euskal Herriko jende, tradizio eta jaiei buruzkoak. 1943an hil zen, Bilbon bertan, 90 urte zituela. Bere izena daraman kale bat dago Bilbon, Txurdinaga auzoan.

«Bidegile nabarmena» izan zen aldetik, haren «bizitza eta sormena» taularatu nahi izan dituzte Lide Hernandok eta María Urcelayk, «begirada garaikide baten bitartez». Bilboko Loraldia jaialdiaren baitan aurkeztu zuten, 2022an. Patxo Telleriarena da gidoia, eta Getari Etxegaraik zuzendu du. Emanaldirako musika, berriz, Maite Larburu hernaniarrak sortutakoa da.

 

Eulalia Abaituaren argazkiak ikusgai, astelehenetik aurrera

Argazkilari bilbotarraren bizitza bakarrik ez, haren obra ezagutzeko aukera ere izango dute herritarrek, datozen egunetan. Izan ere, Eulalia Abaituak egindako argazkien erakusketa jarriko dute ikusgai Erriberan bertan, datorren astelehenetik aurrera. Otsailaren 19tik 29ra egongo da bertan, eta goizez zein arratsaldez bisitatu ahal izango da erakusketa, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!