Nire asmoa ez zen Astigarragako EAJren Juntako Lehendakariarekin eztabaidatzea baina gardentasunaren alde, komenigarritzat jo dut EAJren ustezko oposizio-lanari buruzko datu esanguratsuak partekatzea.
Oharrean salatzen zuenez, EH Bilduk ez dio oposizioari bere lana egiten uzten. Ikus dezagun. Legegintzaldiko 7 hilabete eta erdi hauetan 7 osoko bilkura egin dira eta ez dute galdera ziztrin bat ere egin; Hirigintzako 5 batzorde eta Ogasuneko 9 egin dira, eta Ogasuneko 2 batzordetara baino ez dira joan (hori bai, aurrekontua onartzeari buruzko 2 garrantzitsuenetan, ezta agertu ere); eta Udalean 3 eskaera baino ez dituzte aurkeztu (EH Bilduk oposizioan 6 hilabete eta erdian 167 aurkeztu zituen, eta 1.081 euroko soldatapekorik gabe). Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
Anbulatorioa, tren-geltokia (bide batez, Eusko Jaurlaritzaren eskumenak), 3. adinekoentzako egoitza edo kiroldegia ez dituzte inoiz aipatu. EAJk imajinatuko du ez dagokigula guri euren lana egitea, ezta?
EAJ ez dakit, baina gai horiek guztiak kezkatzen gaituzte eta horiei guztiei eta gehiagori ere irtenbidea emateko lanean dihardugu. Zalapartarik gabe, baina taldean, atsedenik gabe, eta, zalantzarik gabe, Astigarragak izan duen alkaterik onenaren gidaritzapean. Eskerrik asko, Xabier, benetan.
Eta argi dago EAJk ez duela gogoko nik osoko bilkuretan hitza hartzea; bada, albiste txarra EAJko kideentzat: oraindik ia 3 urte eta erdiko legegintzaldia dugu aurretik, eta EAJk nahi edo nahi ez, ez naiz isilduko euren faltsukerien aurrean.
Jarraitu lasai eserita, lotu gerrikoak, hegaldi hau aireratu besterik ez da egin eta.
Andoni Gartzia Arruabarrena
Hirigintza eta Ogasun zinegotzia eta 'alakate ohia'