Astigarragako Udalak aurten ere martxan jarri du 'ZiRRara' sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua. Asteazkenean egin zuten aurkezpen irekia Emakumeon Etxean, eta zerbitzuari buruzko xehetasunak eman zituzten bertan.
'ZiRRara' 16 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dago, eta helburua «sexualitateari buruzko zalantzak eta kezkak argitzeaz gain, norkbere sexualitatea garatzeko eta miatzeko espazioa sortzea» da. Ainhoa Aira Calero sexu hezitzailea eta berdintasunerako hezkuntzan aditua izango da arduraduna.
Aira Calerok nabarmendu zuen edozeinentzat izan daitekeela interesgarria: «Sexu eta bikote aholkularitzaren beharrik ez dugula uste izaten dute askok, zerbitzuan lantzen diren gaiei buruzko ezezagutzagatik, norbere erresistentziagatik edo lotsagatik».
'ZiRRara' zerbitzuak mota guztietako zalantzak argitzeko balioko die gurasoei, hezitzaileei, gazteei zein bikoteei. Gainera, gorputzaren eraldaketak bizitzen ari diren pertsonek ere aukera izango dute gai horiek lantzeko: «Gorputzaren eraldaketa prozesuak trantsizio egoerak dira, zeinetan norbere gorputzarekin eta plazerrarekin birkonektatu beharra daukagun eta eraldaketa horietan gure erotika eta harremantzeko erak egokitzea ezinbestekoa da».
Aurrez aurreko zitak,
asteazkenetan
Zerbitzua erabili nahi duten herritarrek aurrez aurreko zita egin ahal izango dute asteazkenetan, Kultur Etxe zaharrean, 16:00etatik 19:00etara. Beharrezkoa izango da aurretik txanda hartzea, zirrara@astigarraga.eus helbidera idatzita edo 747 493 457 telefono zenbakira deituta. Online kontsultak ere izango dira, aipatutako helbideetara idatzita edo deituta.