Udal tasetako hobarien 53 eskaera onartu ditu Astigarragako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 10a, 00:00

15 eskaerak jaso dute ezezkoa, eta horietatik 4 diru sarrerak gainditzeagatik izan dira.

Astigarragako Udalak berriki argitaratu du udal tasetako hobariak jasotzeko eskaeretatik onartutako kopurua; aurtengoan, jasotako 68 eskaeretatik, 53 onartu ditu. Udaletik azaldu dute hobarien errenta maila igo dutenez, 4 bakarrik geratu direla baztertuta diru sarrerak gainditzeagatik. Gainontzeko ezeztapenen arrazoiak bestelakoak izan dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, zorrak izatea eta beste ondasun batzuk izatea, esaterako.

Onartutako eskaerei dagokienez, 53tik 42k %90eko hobaria jasoko dute; 6k %75ekoa; eta 5ek %50ekoa. Familia unitatea osatzen duten kideen kopurua eta diru sarrerak hartu dituzte kontuan ehunekoak aplikatzeko.

Astigarragako Udalaren helburua «baliabide ekonomiko urriak dituzten eta udal tasa eta zerbitzuen ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzea» da, eta ondorengo tasei aplikatuko zaizkie hobariak: ura, zabor bilketa, hilerri zerbitzua, gaztelekuko jarduerak eta kultur etxeko ikastaroak.

Eskaerek behera egin duten arren, hobaridun gehiago izango dira aurten

Aurten iaz baino 22 eskaera gutxiago jaso ditu Astigarragako Udalak, baina 7 hobaridun gehiago izango dira. Udaletik azaldu dute aldaketa nagusietako bat dela iaz eskaera asko ukatu egin zirela errenta maila gainditzeagatik: «Udalak errenta mailaren muga igo du, herritar gehiagok eskuratu ahal izan ditzaten; izan ere, bizitzaren kostaren igoeraren ondorioz, gero eta pertsona gehiagok izan ditzakete zailtasunak ordainketei aurre egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!