Nire kezka adierazi nahi dizuet EH Bildu erakusten ari den jarrerarekiko, hain zuzen ere, udaletxean egiten ari den kudeaketari, legez dagokion kontrol eta jarraipen lana egiten ari garenekiko.
Joan den abenduaren 28an Osoko Bilkuran izan nintzen, publiko gisa, edozein astigartarrek egin dezakeena, eta hiru gauza egin zitzaizkidan oso deigarriak.
Lehenik eta behin, badirudi alkateak ez dituela Udal gaiak ezagutzen: gai-zerrendako edozein gairi buruz zuzenean galdetzen zaion bakoitzean, alkate ohiak erantzuten du. Eta ez hori bakarrik. Alkateari erantzun dezala eskatzen bazaio, alkate ohiak modu oldarkorrean eta errespeturik gabe erantzuten du, eta jarrera hori ohikoa izaten ari da Xabier alkate denetik.
Bigarrenik, oposizioari ez zaio uzten bere lana egiten, hau da, gobernatzen duena kontrolatzen: ez da behar besteko denborarekin informatzen guztion dirua zertara eta zergatik bideratuko den, esaterako kiroldegiaren haunditze proiektua, osasun-zentro berria, Astigarragak behar duen hirugarren adinekoentzako egoitza, zertan den agintean daramaten 6 urteetan aipatu ere egin ez duten aldiriko geltokia eta abar.
Azkenik, eta nire ustez larriena, seinalamendu publikoa eta eraso pertsonala euren erabakiekin bat ez datorrenari, edota bere autoritarismoa edo gardentasunik eza kritikatzen duen orori. Gerturatu zaitezte osoko bilkuretara zuen begiekin ikus dezazuen.