Aurrera doa haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldi zikloak bi saio berrirekin, gaur eta otsailaren 21ean. Gaurkoa pantailei buruzkoa izango da, eta otsailaren 21ekoa, arau eta mugen ingurukoa.
Gaurko hitzaldia 18:00etan hasiko da, Erribera kulturgunean, eta doakoa da. Izenburua Haurrak eta pantailak: eragina, kontzientziazioa eta sakelekoen berezitasunak izango da. «Ukaezina da pantailak erabiltzeak duen eragina. Haurren kasuan, bereziki da larria egoera: umeen garapenean bete-betean eragiten dute pantailek; batez ere, mugikorrek. Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da informazioa jasotzea, kontzientziak piztea eta erabakiak hartzea». Horretan Miren Ros hizlariak lagunduko du.
Arauak eta mugak: nola ezarri era asertibo batean? bigarren hitzaldi batean landuko da otsailaren 21ean. Hau ere 18:00etan hasiko da, Erriberan, eta hitzaldia TrebaGurasoak programaren baitan eskainiko da.
Familia-hezkuntzako hainbat eredu ezagutaraziko dira. Nola jarri behar dira arauak eta mugak familia-harreman orekatuak, osasungarriak eta onuragarriak izateko? «Arauak eta mugak modu asertibo batean jartzen badira, gatazkak ekidin daitezke». Honen inguruan Leyre Canok hitz egingo du.
Hitzaldi zikloari, urtarrilean, pornografiari buruzko saioarekin eman zitzaion hasiera eta harrera ona izan zuen, 20 guraso inguru elkartu ziren gaiaz hausnartu eta trebatzeko, Erribera kulturgunean.