Garaipenarekin debutatu zuen Lizeagak, astigartar askoren babesean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 4a, 00:00

Lizeagaren inguruko jende ugari joan zen Amorebietara.

22-18 irabaztea lortu zuen astigartarrak, Alberdi II.rekin, De la Fuente-Bikuña bikotearen aurka.

Modu ezinhobean hasi du profesional mailako ibilbidea Ekain Lizeaga astigartarrak. Ostiral gauean egin zuen debuta, Amorebietan, promozio mailako binakakoan, eta 22-18 irabaztea lortu zuen, Alberdi II.rekin batera, De la Fuente-Bikuña bikotearen aurka.

Urduritasunak kontrolatzea izan zen zailena astigartarrarentzat, baina partiduak aurrera egin ahala sentsazio hobeak izan zituen kantxan: «Hasieran indarka gehiegi aritu nintzen, baina partidu erditik aurrera hobetu nuen. Lasaiago eta askoz gustorago jokatu nuen».

Astigartar ugari joan ziren Lizeagaren debutaz gozatzera, eta animoak asko eskertu zituen Baikoko atzelariak: «Lagunak eta familia bertan animatzen egoteak asko laguntzen du».

Hemendik aurrera, «ez konformatzea eta lanean jarraitzea» da Lizeagaren helburua, «egunen batean lehenengo mailan jokatzeko nibela lortu ahal izateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!