Eragiyok abesbatza Sardiniako ‘Cantigos in Carrela’ jaialdian izango da, gaur eta bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 2a, 00:00

Eragiyok abesbatzaren azken kontzertuko argazkia, Segovian.

Euskal Herriaren eta euskal kulturaren ordezkari moduan arituko dira, Santa Maria degli Angeli elizan, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.

Eragiyok abesbatzak nazioarteko emanaldia izango du gaur eta bihar Sardinian, ‘Cantigos in Carrela’ jaialdiko antolatzaileen gonbita jaso eta gero. 'Populos et Cuncordos' izenpean emango diote ongietorria Astigarragako abesbatzari, eta arratsaldeko 18:30etan hasiko da ikuskizuna, Santa Maria degli Angeli elizan. Eragiyokek euskal musikako eliz-musika eta folklorea emango ditu, eta Sardiniako kantu tradizional mota den cuncordu erako bi talde arituko dira berarekin batera: Cuncordu Lussurzesu eta Cuncordu di Castelsardo.

Biharko emanaldiari dagokionez, kantuan arituko dira jaialdira gonbidatuta joan diren musika sardoko talde guztiak eta Eragiyok. Guztiek batera kontzertu ibiltaria osatuko dute Santu Lussurgiuko hirigune historikotik barrena, irlan ondoen mantendu den Erdi Aroko multzo historikoetako bat. 

Ibilbidean zehar, antolakuntzak prestatutako hainbat agertokitan abestuko dute talde guztiek. Horrela, jaialdiak sorreratik bilatu duen helburuetako bat beteko dute: musika aretoetatik ateratzea eta kalera zein jendartera gerturatzea, aintzinako moldean. 

26. ekitaldia, aurtengoa

Jaialdia Sardiniako Gobernuaren babespean antolatzen da eta 26. ekitaldia izango du aurtengoa. 1997an sortu zen uhartearen Santu Lussurgiu herrian, xede izanik kantu tradizional sardoan aritzen ziren uharteko taldeak biltzea, Inauterien aurreko asteburuan.

Urtero nazioarteko talde bat joan ohi da jaialdira, tradizio koral eta kultural bereizgarria duen herrialde batetik etorritakoa. Era honetan, aurreko ekitaldietan Italiako, Frantziako, Portugaleko, Kataluniako, Asturiasko, Bulgariako, Georgiako eta Estatu Batuetako taldeak pasa dira bertatik, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!