Astigarragako lehenengo Plenoa izan zen pasa den asteartean. Sagardun Partzuergoarentzako kreditu transferentziaren aldaketaren berri eman zen. Ondoren, baratze publikoak emateko eta erabiltzeko arautegiak onartu ziren aho batez. Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak bi definizio gehitzea eskatu zuen. Dibertsitate funtzionala duen pertsona jarri beharrean, desgaitasuna duen pertsona jartzea onartu zen.
Alegazioa behin betiko onartu zen Osoko Bilkuran, eta laster aterako du Udalak baratze publikoetarako deialdia.
'Gutxieneko pentsioa 1.080' mozioa, onartuta
Osoko Bilkuran, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean, gutxieneko pentsioa 1.080 euro mozioa EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten. «Gaur egun, bizi-kostuaren igoera esponentziala dela eta, gero eta pentsiodun gehiagok galtzen dituzte etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitutakoa izateko aukerak, elikadura osasungarria, osasuna bermatzea eta mendekotasunari arreta eraginkorra ematea, eta abar. Gaur egun, 167.718 pentsiodunek 1.080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte pentsioen bidez, gehienak emakumeak. Hori dela eta, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Astigarragako Udalari, honako hau eskatzen dio: Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari demandatzea, 1.080 eurora arte osa dezaten pentsiodunen gutxieneko pentsioa, 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin».
Informazio, galdera eta eskaeren txandan anbulategiaren eta tren geltokiaren inguruko galderak izan ziren. Gobernu Taldeak adierazi zuen Adifekin hitzarmena sinatzekotan direla, eta 2026rako egina egongo dela esan diote Udalari. Anbulategiaren kasuan Udalak Eusko Jaurlaritzari Bidebitarteko kantxa proposatu dio bertan eraikitzeko.
Udaltzain lanpostuetako bitarteko funtzionarioak
Tokiko Gobernu Batzarrean, aldiz, pertsonaleko gai bat, lankidetza-hitzarmen bat eta dirulaguntzak landu ziren. Udaltzain lanpostuetako bitarteko funtzionarioak izendatzeko eta lan-poltsa haunditzeko oposizio-lehiaketaren oinarriak onartu zituen bilkurak. Aste Santuaren bueltan, egun Udaltzaingoaren plantillan dauden hiru udaltzainek Arkauteko prestakuntza-ikastaroa egitera joan behar dute eta oposizio-lehiaketa honen bidez hiru agente berri izendatuko dira horiek ordezkatzeko, gaur egun dagoen lan-poltsa haunditzearekin batera.
KZgunearekin lankidetza hitzarmena
Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen eta Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu zen: KZguneak Konekta Zaitez Ciudadan@ programaren esparruan eskaintzen dituen prestakuntza-programak eta gainerako zerbitzuak emateko eta erabiltzeko hitzarmena.
970 mila euro bideratuko dira dirulaguntzetara
Dirulaguntzen esparruan, Tokiko Gobernu Batzarrak 2024-2026 plan estrategikoa onartu zuen, eta horrekin batera, lehen dirulaguntza izenduna, Emakumeon Etxea elkartearena. Alde batetik, 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen. Udalak, 2024an, 970.055,52 euro bideratuko ditu dirulaguntzetara, deialdi ireki eta izendunetarako. Horietatik 661.983,33 euro dirulaguntza izendunentzat izango dira, eta 308.072,19 euro deialdi irekientzat.
Astigarragako Emakumeon Etxea elkarteari 51.000 euroko dirulaguntza izendun bat ematea onartu zen, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko jarduerak egiteko.