Ekain Lizeaga astigartarrak, 20 urterekin, etzi debutatuko du profesionaletan, Baiko enpresarekin etzi Amorebietan. Aimar Olaizola Baikoko kirol arduradunaren esanetan, «berme haundiko atzelaria da, pelota gutxi galtzen du eta kantxan asko mugitzen da». Olaizolak nabarmentzen duenez, «bere bertuterik haundiena eskuina da. Ongi doa pilotara, eta indar haundia ematen dio».
Debuteko partidua Promozio Txapelketakoa izango da. Morgaetxeberria ordezkatuko du eta Alberdi II.arekin batera, Bikuñaren eta De la Fuenteren aurka jokatuko du, 22:15etatik aurrera.
2023an Lizeagak Zumarragako Memorial Goñi, Elgoibarko San Anton, Tolosako Memorial Soroa, Mallabiako Biharko Izarrak eta GRAVNI Torneoak irabazi ditu.
Astigarrako Mundarro klubean hezia, Ekain Lizeagak, bi urterako sinatu du Baiko Pilotarekin eta etzi egingo du debuta Amorebieta-Etxanon.
Lizeagak azaldu duenez, «eskertuta nago Baiko Pilotak emandako aukeragatik, eta ilusio handiz ostiralean Amorebietan debuta egiteagatik».
Ekain Lizeagaren debutarekin hiru dira bailarako pelotariak profesional mailan: Iker Salaberria goizuetarra, Hodei Exposito astigartarra eta Ekain Lizeaga astigartarra.