Zenbait neurri hartu ditu Astigarragako Udalak txotx denboraldian «bizikidetza arazoak» saihesteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 31a, 00:00

Erasoen aurkako zenbait neurri hartzeaz gain, 'Ez izan sagar ustela' kontzientziazio kanpaina jarri du martxan Astigarragako Udalak.

Txotx denboraldian sortzen diren bizikidetza arazoei eta portara desegokiei aurre egiteko asmoz, bi ekimen jarriko ditu martxan Astigarragako Udalak. 

Hasteko, erasoen aurkako zenbait neurri hartuko ditu Udalak, eta nabarmendu dute «Astigarragan ez dela onartuko jarrera homofoborik, arrazistarik, matxistarik edo antzekorik». 

Herriko eragile nagusien arteko elkarlanean, erasoei aurre egiteko lau baliabide prestatu dituzte: 'Nik sinesten dizut' txapak prestatuko dituzte hala nahi duten herritarrek soinean eramateko; Karpa Morea jarriko dute larunbatetan, otsailaren 3tik martxoaren 23ra, «eraso matxistak prebenitzeko eta artatzeko»; arretarako telefonoa ahalbidetuko dute, hau ere otsailaren 3tik martxoaren 23ra, gaueko 22:00etatik 04:00etara deitzeko (638 20 65 86); eta Udaltzaingoak ordutegi berezia izango du txotx boladako larunbatetan, 09:00etatik 02:00etara egingo du lan. 

'Ez izan sagar ustela' kanpaina, martxan

Erasoei aurre egiteko neurriez gain, 'Ez izan sagar ustela' kanpaina ere martxan jarri du Astigarragako Udalak. Banderatxo batzuk banatuko dituzte erdiguneko herritarren postontzietan, eta horiek balkoietan jartzeko deia egin diete herritarrei: «Horrekin adierazi nahi dena da ez duela merezi aipatutako jokabide desegokiekin jai-giroa hondatzen duenetako bat izatea, eta herrian dabiltzanei arduraz jokatzeko eskatzen zaie». 

Erdigunean bizi ez diren astigartarrek ere aukera izango dute banderatxoa hartzeko. Dagoeneko eskuragarri daude Udaleko erregistroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!