'Cantigos in Carrela' Sardiniako jaialdian parte hartzeko gonbidapena jaso du Astigarragako Eragiyok abesbatzak. 26. edizioa izango da aurtengoa, eta kantu tradizional sardoan aritzen diren taldeak elkarzen ditu. Eragiyok izango da aurtengo nazioarteko talde gonbidatua, eta bi ikuskizun eskainiko ditu asteburu honetan.
Jaialdiaren lehenengo egunean, ostiralean, nazioarteko taldearen aurkezpen ekitaldia egingo dute. Santa Maria degli Angeli elizan abestuko du Astigarragako abesbatzak, arratsaldeko 18:30etan. Eragiyoken proposamena euskal musikako eliz musika eta folklorea eramatea da. Horrez gain, Sardiniako kantu tradizionala abesten duten bi talde ere arituko dira ostiralean: Concordu Lussurzesu eta Concordu di Castelsardo.
Concordu musika motaren barruan Canto a cuncordu eta Canto a tenore bereizten dira; gainera, bigarrena UNESCOren Gizadiaren ondare ez material modura hartuta dago 2008tik.
Jaialdiko egun nagusia, larunbatean
Larunbatean kontzertu haundia eskainiko dute Santu Lussurguiko erdigune historikoan zehar: «Ibilbidean zehar, partehartzaileek antolakuntzak prestatutako hainbat agertokietan abestuko dute. Horrela, jaialdiak sorreratik bilatu duen helburuetako bat betetzen du: musika aretoetatik atera eta kalera jendartera gerturatzea, aintzinako moldean. Euskal Herria eta Sardinia musikaren bidez elkartzeko aukera paregabea», azaldu dute Eragiyokeko kideek.