Martxan dira Berdintasuneko IV. Plana osatzeko herri gogoetak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 29a, 00:00

Nahi dugun Astigarragarantz prozesuaren baitan antolatu dira.

Hiru gogoeta saio antolatu dira: otsailak 1, 8 eta 15ean, eta ez da aldez aurretik izena eman beharko.

Abian dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko IV. Plana osatzeko herri gogoetak, 'Nahi dugun Astigarragarantz' prozesuaren baitan. Guztira hiru herri gogoeta saio antolatu ditu Astigarragako Udalak, ostegun arratsaldetan, otsailaren 1ean hasita.

Lehenengo saioak 'Gaurko haur eta gazteekin biharko berdintasunerantz' du izena eta Erribera Kulturgunean izango da. Bertan, haur eta gazteengan jarriko da fokua eta hizpide izango dira hezikidetza, haur eta neskatilen ahalduntzea, eta haur eta gazteekiko indarkeria.

Bigarren saioa datorren ostegunean egingo da, otsailaren 8an Emakumeon Etxean. Hala izendatu dute: 'Emakume ahaldunduekin berdintasunerantz', eta izenburuak dioen moduan emakumeen ahalduntzearen gaia landuko da. Halaber, asmoa da Emakumeon Etxeari buruzko gogoeta eragitea.

Hirugarren saioari dagokionez, 'Zaintzen duen Astigarragarantz', Otsailak 15ean izango da, Erribera kulturgunean. Udalaren esanetan, zaintzaren gaia ikuspegi anitzetatik jorratu daiteke eta modu batera edo bestera denoi eragiten digun arloa da. Saio honetan bi ikuspegitatik egingo da lanketa: "Alde batetik, zaintza espazio publikotik, herritarren artean, jai-giroan, ekintza edo ekimen kulturaletan; eta, beste alde batetik, zaintza komunitarioa zaintza eskubide kolektibo gisa ulertuta, bizitzan zehar norbaitek zaintzeko beharra daukagunean nola antolatzen garen, seme-alabak edo gurasoak nola zaintzen ditugun, eskaintzen diren zerbitzu publikoak, zaintzaile lanetan aritzen direnen lan baldintzak...", azaldu dute.

Saio guztiak 17:30etatik 19:30etara izango dira eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Udalak herritar guztiei luzatu die gonbitea, eta informazio gehiago nahi duenak berdintasuna@astigarraga.eus helbidera bidali beharko du mezua. 

Aurrekariak

Berdinzalegoa den Astigarrarantz bidean, hainbat aurrerapausu eman zituen iaz udalak. Maiatzetik azarora arte, Astigarragako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako
III. Planaren ebaluazioa burutu zuten, herriko hainbat eragilerekin batera. Bertan, azken lau urteetan, 2020tik 2023ra, egindako lanaren balantzea egin zen eta aurrera begira berdintasunaren alorrean udalerrian dauzkan erronkak identifikatu zituzten. 

Guztira, 40 lagunek eta bost elkartek hartu zuten parte lanketa horretan, eta berdintasun alorrean identifikatutako erronka nagusiak lortzeko, hurrengo urratsa, herritarrekin batera helburu eta ekintza zehatzak adostea izan zen. Modu horretan osatu zen, denen artean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!