Martxan dira Sagardo Plaza eraldatzeko lanak, eta otsailaren erdialdera arte luzatuko dira

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 28a, 00:00
Otsailaren erdialdean amaituko dira obrak.

'Jolastuko al gara' prozesu parte-hartzailearen emaitza da obra hau. Herriko haur eta gazteek hartu zuten parte, besteak beste, prozesuan.

Abian dira dagoeneko Sagardo Plaza eraldatzeko lanak eta aurreikusten da otsailaren erdialderako amaituko direla. Momentu honetan plaza ingurua hesiturik dago, eta zegoen jolastokia kentzeari ekin diote.

Udalaren esanetan, Sagardo Plazako jolas eta aisialdi guneak egokitzeko helburu nagusia da plazaren izaera eta zentralitatea berreskuratzea, eta erabilera haundiko eremua denez, ibilbide irisgarriak bermatuko dira.

«Kautxuz egindako bi irla menditsu izango ditu: txirristadun irla eta irla gorabeheratsua. Irla gorabeheratsuak azalera haundiagoa hartuko du, eta bi elementuk osatuko dute: tutu-tunelak eta ohe elastikoek», azaldu dute.

Jolas-gunea hainbat adin tar­tera egokituko da, eta egun dagoen jolastoki estaliarekin konplementatuko da. Jolasguneaz gain, aisialdirako gunean ere egingo dira obrak, eta plazan dauden zuhaitzen inguruan eserleku berriak jarriko dira. Banku horiek kokapen estrategikoa izango dute eta presentzia haundiagoa lortuko dute plazan. Proiektuaren aurrekontua, guztira, 72.108,18 eurokoa da (BEZa barne).

'Jolastuko al gara' prozesu parte-hartzailearen emaitza

2021ean, Astigarragako Udalak 'Jolastuko al gara?' partaidetza-prozesuari ekin zion, haur, nerabe eta gazteen beharrak eta nahiak ezagutzeko, herriko jolasguneak eraberritzeko orduan. Partehartze prozesu honetan, besteak beste, Herri Eskolako eta Gaztelekuko haur eta nerabeek parte hartu zuten. Sei jolasgune berritzeko irizpideak zehaztu ziren eta horietako hiru berritzea erabaki zen: Murgia, Sagardo Plaza eta ibai-parkea.

Murgiakoa amaituta dago, eta martxan dira Sagardo Plazakoa alde batetik, eta ibai-parkekoa bestetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!