Zenbait argibide terrazen ordenantzaren inguruan, Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00

2024ko terrazen baimenen inguruko argibideak eman ditu Astigarragako Udalak eta azaldu du udalari dagokiola baimenak ordenantzaren arabera ematea eta jarraipena egitea.

Astigarragako Udalak terrazen ordenantzaren eta 2024ko terrazen baimenen inguruko hainbat argibide eman nahi izan ditu, besteak beste, taberna baten adierazpen publikoak kontutan hartuta.

Udalak azaldu du, 2022 eta 2023 urteen artean terraza ordenantza berrikusteko prozesua publikoa egin zuela, eta gaineratu du prozesu horren berri eman zela zenbait bide erabiliz; hala nola, emailak, kartelak, webgunean albisteak... Hori horrela, «herritarrek eta ostalariek aukera izan zuten bere ekarpenak egiteko».

Era berean, ostalarien jardueraren eta bizilagunen atsedenaren arteko oreka zaintza helburu hartuta, neurri berria txertatzea ondorioztatu zela, azaldu du Udalak, eta 2023ko otsailaren 28ko osoko bilkuran aldaketari onarpena eman zitzaiola ere baieztatu du: «gainera jendaurrean jarri zen onartutako testua hilabetez, eta herritarrei zein ostalariei horren berri eman zitzaien, parte hartu zutenei mezu elektronikoa bidaliz». Udalak azaldu du inork ez zuela alegaziorik aurkeztu: «Laket tabernak ere ez». Prozesu guzti horren ostean, ordenantzaren testua behin betiko onartu eta argitaratu zen, 2023ko apirilaren 29an.

 
Azarotik gaur egun arteko prozesua

«Azaroaren 13ko astean gutuna bidali zitzaien ostalariei», azpimarratu du Udalak, adieraziz eskaera egin behar zutela, 2024ko baimena edukitzeko eta abenduaren 1erako egin zutela. Udalak dio, ostatu gehienek bidali zutela eskaera garaiz, «hiruk izan ezik», eta Laket tabernari egin dio erreferentzia: «Laketek urtarrilaren 9an egin zuen eskaera. Terrazarik ezin da jarri baimenik izan gabe, baina terraza jarrita eduki du urtarrilaren 1etik 18ra. Ondoren, terraza jartzeko eskaera atzera botatzeko eskatu du, baina handik hiru egunera, atzera ez botatzeko eskatu du».

Astigarragako Udalak ziurtatu du Xabier Urdangarinek, Astigarragako alkateak, bitan egin duela bilera Laketeko jabearekin, «eta baita beste bitan ere udal zerbitzuetan topatuta eta hainbat aldiz elkartu da teknikariekin ere».

Hori guztia kontutan hartuta, Astigarragako Udalak gaur egungo egoeraren berri eman du: «Laket tabernako jabeak baimena berandu eskatu du, gero uko egin dio eta azkenik, ukoa ezeztatu egin du. Ondorioz, une honetan eskaera ebatzi gabe dago. Orain entzunaldi eskubidea edukiko du bere eskubideak babesteko». Jarraian, baimena ematen duen dekretuaren aurka errekurtsoak jartzeko aukera izango duela ere jakinarazi du Udalak, «administrazio bidean nahiz epaitegietan. Eta eskabidea ebatzi gabe baldin badago, beraz, bere arduragatik da».


Auziaren nondik norakoak

Ordenantza berriaren arabera, taberna batek «gehienez ere 12 mahai» jar ditzake fatxada bakoitzean. Eta Udala Laketek egin duenaz kexatu da: «Laket tabernak, guztira 18 mahai izan ditu eta ez du ontzat ematen mahai kopurua 12ra murriztea». 

«Azalpenei muzin eta egin jazarri egin dugula» azaldu du Astigarragako Udalak, honakoa gaineratuz: «gorroto dugula eta antzekoak leporatu dizkigu ondoren, eztabaida berotu eta maila pertsonalera eraman nahian.

Amaitzeko, Astigarragako Udalak argi adierazi du tabernei dagokiela ordenantza «betetzea eta baimenak ezarritakoa betetzea. Eta guri dagokigu, Udalari, baimenak ordenantzaren arabera eman eta jarraipena egitea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!