«Orain arte egindakoetatik Irati pelikulak markatu nau gehien, sekulakoa izan zen»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00
Oier Hernandez astigartarra 'Irati' pelikulako filmazioan.

Ia espero gabe iritsi zen Oier Hernandez astigartarra Drama FX enpresara, eta bost urte daramatza jada efektu fisikoak sortzen. 'Irati' pelikula da, momentuz, bere proiektu kuttunena, eta Goya sarietarako izendatuta dago '20.000 especies de abejas' pelikulan egindako lanagatik. 

Gauza asko datozkigu burura efektu bereziei buruz hitz egitean. Nola azalduko zenuke zure lana?

Zaila da azaltzea, normalean jendeak ez dakielako nola funtzionatzen duten pelikuletako filmazioek. Sinpleki azalduta, gure lana da pelikuletan ikusten diren gauzak sortzea, efektu fisikoak sortzea. Adibidez, izan daiteke klima zehatz bat sortzea, tiroketa bateko efektuak egitea, sua kontrolatzea... Kontu fisiko horiek gure lanaren barruan sartzen dira. Bestelakoak dira Marvelen pelikuletan ikusten ditugunak, horiek VFX dira, ordenagailuko efektuak. 

Esan dezakegu zure lana dela egiazko gauzak modu 'faltsuan' lortzea.

Hori da, eta benetakoak ematea gezurrezkoak izan arren. 

Nondik datorkizu mundu honekiko zaletasuna? 

Txikitatik gustatu zait zinemaren mundua. Batxilergoa bukatu nuenean argi neukan horrekin lotutako zerbait ikasi nahi nuela, eta halaxe egin nuen; errealizazioa ikasi nuen Andoainen. Efektuen kontua beranduago heldu zen, gradua amaitu eta praktikak egin behar genituen momentuan. Kontua da praktikak egiteko lekuak proposatu zizkigutenean ez zegoela zinemarekin lotutako enpresarik, guztiak ziren telebistarekin lotutakoak. Klasekide batek eta nik dexente borrokatu genuen hori aldatzeko, eta azkenean zinemaren munduko enpresa batera bideratu gintuzten, Drama FX enpresara. 

Bertan izan zen zure lehenengo kontaktua efektu fisikoekin? 

Bai. Egia esan, hasieran ez genekien oso ondo enpresak zertan egiten zuen lan. Draman hasi ginen biok, eta ez genekien zer zen. Iritsi orduko, lehenengo ikusi genuen atala tailerra izan zen. Horrek asko harritu ninduen, nik buruan neuzkalako muntaia eta ordenagailuarekin egindako efektuak. Hortxe hasi ginen efektu fisikoekin, eta arian arian gustatu egin zitzaigun. 

Beraz, ia kasualitatez iritsi zinen sektorera. 

Bai, esan daiteke baietz. Banekien zinemaren mundua gustuko nuela, baina efektu fisikoetara kasualitatez iritsi nintzen. Ez nekien existitzen zirela.  

Urteak daramatzazu Drama FX enpresan lanean. Proiektu bat iristen zaizuenean zein da zuen lana? 

Normalean produkzioko zuzendari batek deitzen du gure nagusiekin hitz egiteko, Jonekin edo Marianorekin. Haiei esaten diete gidoia bidaliko dietela, eta buruan dituzten efektuen laburpen bat egiten diete. Nire nagusiek gidoia desglosatzen dute, efektu bakoitza egun bakoitzean eta lokalizazio bakoitzean banatzen dute, eta lan hori guri pasatzen digute. Guk leku horiek lokalizatu behar ditugu; esaterako, astelehen batean Gernikara joan behar dugu sute bat lokalizatzera. Prozesu hori zuzendariarekin ere kontrastatzen dugu, eta gure proposamenak egiten dizkiogu: 'Hemen jarriko nuke kotxe bat erretzen, hemen edukiontzi bat sutan eta hemen beste zerbait'. Behin efektu guztiak lokalizatuta daudenean, gidoiaren irakurketa egiten dugu taldeko nagusi guztiek, sail bakoitzeko arduradunek, eta horrela guztia hobeto antolatzen dugu, grabaketarako behar den guztia prest uzteko. 

Grabaketa hasten den momentuan zein da zure lana?

Grabazioaren aurretik tailerrean prestatu behar ditugu truko guztiak. Egun bakoitzeko materiala prest daukadanean, grabaziora joaten naiz, bi edo hiru laguntzailerekin. Orduan, ni naiz, nolabait esateko, efektu fisikoen koordinatzailea. Filmazioan efektuekin lotutako lana ondo joatea da nire ardura. 

Asko inprobisatu behar izaten duzue grabaketetan?

Bai, dexente inprobisatzen da. Egia da ahal dugun guztia aurretik prestatzen saiatzen garela, baina gero gertatzen da zuzendariak ideiaren bat aldatzea, eta esaten dizu: 'bi egun barru, sekuentzia honetan, pentsatu dut aldatzea hau, eta nahi dut ate hau bakarrik irekitzea'. Eta agian zu zaude Galizian, ia materialik gabe, eta denboraz juxtu. Orduan, hasi behar zara pentsatzen lan hori ateratzeko. Tarteka gertatzen da, bai.
 

Orain artekoetatik, zein da gehien markatu zaituen proiektua?

Gehien markatu nauena 'Irati' izan da. Ni orain dela bi edo hiru urte hasi nintzen koordinatzeko ardura hartzen. Galiziako serie bat bukatu berritan iritsi nintzen 'Irati'ra, eta sekulakoa izan zen. Pelikula potolo bat, Euskal Herri mailan garrantzitsua, Paul Urkijorekin... Sekulako ilusioa egin zidan eta neure onena eman nuen. Gainera, baziren efektu batzuk oso bereziak; kazkabarra, esaterako. Gogorra bezain ederra izan zen, eta horrek markatu nau gehien.  

Efektu fisiko asko elkartzen dira 'Irati' pelikulan, ezta? Sua, klima, borrokak...

Bai, asko dira. Kanpoaldean grabatutako sekuentzia guztietan lanbroa zegoen, eta asko erabiltzen ziren antortxak. Garai bateko istorioak kontatzen diren pelikuletan efektu gehiago izaten dira. Pixka bat denetik izan genuen, baina kazkabarra izan zen bereziena. Euria gehiagotan ikusten da, baina kazkabarra oso gutxitan erabiltzen da Espainia mailako pelikuletan. Guretzat lan berria izan zen, eta proba asko egin ondoren emaitza txukuna lortu genuela iruditzen zait. 

Efektuengatik ezaugarritzen ez diren proiektuetan ere aritu zara lanean. Asko aldatzen da esperientzia?

Adibide bat jarriko dizut. Aurten Goya sarietarako izendapena jaso dugu '20.000 especies de abejas' pelikulan egindako lanagatik. Izendapena jasotakoan askok esan didate: 'Ze efektu ditu ba pelikula horrek?'. Nik denei erantzuten diet euri efektu batek edo sute txiki batek eskatzen dutela lau edo bost pertsonen hamaika orduko lana; aldiro aritu behar gara mangeratik tiraka, pertxak altxatzen, pertxak ondo kolokatzen... Nik ulertzen dut ohiko ikusle batentzat zaila dela horretaz konturatzea, baina lan gogorra da. 

Zinema munduko beste asko bezala, itzalpeko lana da zurea. Nola daramazu Goya sarietarako izendapenen kontua?

Sekulako ilusioa egiten dit. Guk saria ez dugu pertsonalki jasotzen, ez doa bakoitzaren izenean, baina argi dago enpresako kide guztien lanaren ondorioa dela. Ikusten dudanean pelikula bat grabatu eta efektuak ondo geratu direla poz haundia ematen dit, eta horrelako sariak jasotzea horren aitortza da. Niri ez zait ajola itzalpean egotea, nahiago dut, baina aitortza hori oso polita da.

Etorkizunean zein helburu dituzu? 

Abendu honetan ez dugu lan askorik izan, baina aurten proiektu dexente iritsiko dira Donostiara, eta horiekin arituko naiz buru belarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!