Urtarriletik uztailera bitarteko saioetan izena emateko epea, hilaren 31ra arte

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 25a, 00:00

Guztira 9 tailer, ikastaro eta topaleku antolatu ditu Astigarragako Emakumeon Etxeak, eta ondorengo estekan sartuta eman daiteke izena: https://forms.gle/9zDWsSxrEXXTahhB7.

Ohi moduan, Astigarragako Emakumeon Etxeak urtarriletik uztailera bitarterako tailerrak eta ikastaroak antolatu ditu. Bederatzi ikastaro antolatu dituzte, eta doakoak dira. Haur zaintza zerbitzua eskainiko dela ere azaldu du Emakumeon Etxeak baina «aurrez abisatuta doakoa izango da». Guztira bederatzi ikastaro, tailer eta topagune antolatu ditu, eta gainera, nahi den ikastaroan parte hartzeko aukera dago. Era berean, bazkideek izena ematerako garaian lehentasuna izango dutela ere aipatu dute, eta plazak amaitzen badira, hautaketa zozketa bidez burutuko dute. Tailerretan izena emateko aukera dago urtarrilaren 31ra arte, eta izena emateko esteka honetan sartu behar da: https://forms.gle/9zDWsSxrEXXTahhB7.

 

Bederatzi tailer eskainiko
dituzte, eta doakoak dira

Bederatzi tailerretako bat izango da 'Amatasunen topalekua', Izaskun Robledok zuzendua. Sortuko den talde honetan, garapen pertsonala lantzeaz gain, haurren mundua gehiago ulertzen saiatuko dira, eta horretarako «emozioei lekua egingo diegu, taldearen babesean». Zoru pelbikoari buruzko tailerra ere antolatu dute, eta Sara Majarenasek dinamizatuko du. Zoru pelbikoa ezagutzeko, zaintzeko eta errekuperatzen laguntzeko tailerra izango da: «autoezagutzan, autozaintzan,  eta gure gorputzaren ahalduntzean lagunduko diguna. Bizitzako edozein etaparako egokia». Biodantzari buruzko tailerra ere eskainiko du, Belen Olaziregik.  Izan ere, berak, «bizitza dantza» moduan definitzen du. Horrenbestez, musika, dantza eta mugimenduaren bitartez bizipenak eragitea du helburu tailer honek. Autozaintzak ere izango du protagonismoa Emakumeon Etxean, izan ere, Amaia Canok «gure gorputzak ezagutu eta hobeto zaintzen ikasteko» ikastaro tekniko-praktikoa eskainiko du. Era berean, fisioterapia eta osteopatiako ezagutzak txertatuko ditu. 

Emakumeon Etxeak antolatutako tailer hauetan, ez diote zaintzari bakarrik erreparatuko, elektrizitateari buruzko tailerra ere eskainiko baitu Paz Carbajosak. Ezagutzea lortzeaz gain, lanek generorik ez dutela ere erakutsiko du.

Autozainketari dagokionez, batetik antolatu dute autodefentsa feminista, eta bestetik, autoezagutza integral feminista.  Lehenengoa, Maitena Monroyk eskainiko du, eta erasoak identifikatzeaz gain, indarkeriaren jatorria eta eraikuntza aztertuko dituzte. Bigarren tailerrean, berriz, gorputz fisikoa, espirituala, emozionala eta arrazionala modu bateratuan landuko dute, Elena Lopez-Mayarekin eta Su Hernandezekin. 

Amaitzeko, Emakumeon Etxeko kideek bi tailer dinamizatuko dituzte, bat izango da arropa 'tuneatzeko' tailerra eta bestea, kafe tertulia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!