Jon Garañok zuzendutako 'Cristóbal Balenciaga' estreinatu da Disney+en

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 24a, 00:00
Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregirekin batera.

Dagoeneko ikusgai dago bertan, eta astelehenean Victoria Eugenian aurkeztu ziren lehendabiziko hiru kapituluak.

'Cristóbal Balenciaga' telesaila, Jon Garaño astigartarrak Jose Mari Goenagarekin eta Aitor Arregirekin batera zuzendutakoa, joan den ostiralean estreinatu zen Disney + plataforman, eta astelehenean aurkeztu zuten Victoria Eugenia antzokian. Ehunka ikuslek izan zuten aukera lehenengo hiru atalak (sei dira guztira) ikusteko, antzokiko pantailan erraldoian.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta bere Crossover Festival jaialdiak, Donostia Kulturarekin eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, emanaldi bat antolatu zuten astelehenerako, eta bertan izan ziren telesailaren lantaldeko kide asko, eszenatokian zein besaulkietan. Teknikari asko eta filmaketan parte hartu zuten 4.000 pertsonaietako batzuk ere aurkezpenean izan ziren.

Telesailan erabilitako 'balentziagetako' hainbat erreplikak eman zieten ongietorria publikoari, eta 'photocall'a ere jarri zen. Zuzendariak, aktoreak, ekoizleak eta jantzien diseinuaren eta makillajearen arduradunak eszenatokira igo ziren, publikoak eskaini zizkien txaloen artean. Denak bat etorri ziren 'Cristóbal Balenciaga'ren pantaila haundiko estreinaldia Donostian izatearekin, jostunaren lotura alde batera utzita, hiria ere operazio-gune bihurtu zelako filmaketaren sei hilabeteetan. Jon Garañok getariarraren eta Donostiaren arteko lotura gogoratu zuen.

«Gure Cristobal Balenciaga ikusiko duzue, errespetu osoz egindako fabulazio-ariketa»

Balenciagaren pertsonaia egiten duen Alberto San Juan aktorea, Josean Bengoetxearekin eta Cecilia Solagurenekin batera agertu zen. Azken biek, Nicolas Bizkarrondo enpresari donostiarraren eta Virgilia Mendizabal emaztearen papera egiten dute. Balenciagaren papera egiten duen aktoreak publikoa bereganatu zuen, gogora ekarri zuenean Donostian bizitzen egon zen bost hilabeteetan ezin izan zuela jarraitu «hirian zeuden festen erritmoa, izan Jazzaldia, Zinemaldia, legatz lehiaketa... Pozik nago».

Lourdes Iglesias ere hunkituta agertu zen, berak izan baitzuen Balenciagaren bizitza pantailara eramateko ideia. «Hemen egotea ametsa da. Telesail hau zuentzat da. Donostiaren izaera agertzen da bertan».
Jose Mari Goenagak azaldu zuen «gure Cristóbal Balenciga» ikusiko dutela ikusleek, «errespetu osoz egindako fabulazio-ariketa». Taldeko hirugarren kideak, Aitor Arregik, antzokian ikusitako hiru kapituluei segida emateko gonbitea luzatu zien ikusleei: «Telesaila hazten ari dela diote, eta, beraz, beste hirurak ikustera animatzen zaituztet»
.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!