Txotx denboraldia

Sagarra, sagardoa zein fiordoa: lekuari lotutako eskaintzaren osagaiak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 20a, 00:00

Asbjørn Børsheim Norvegiako sagasti batean.

Norvegiako sagardoaren sorrera topatzeko mende asko atzera egin behar bada ere, norako honek azken urteetan bizi du bere loraldia. Hardanger inguruak sagardoa gehitu dio naturaren erakargarriari, eta haren tradizioaren baitako esperientziak sortu ditu. Horren arduradunetako batek, Asbjørn Børsheim, V. Sagardo Forumeko jardunaldi teknikoetan azaldu zuen egindako ibilbidea.

Norvegiako sagardogintzak loraldia bizi du azken urteotan, nahiz eta sagardoaren sorrera topatzeko mende asko atzera egin behar den. Hardanger ingurua oso erakargarria da naturari dagokionez eta gainera, sagardoa gehitu zaio, eta haren tradizioaren baitako esperientziak sortu ditu. Ibilbide hori azaltzeko, Asbjørn Børsheim, V. Sagardo Forumeko jardunaldi teknikoetan izan zen.

Historia luzea bezain gorabeheratsua du sagardogintzak Norvegian. Sagarrak lehenagotik ere baziren, baina XIII. mendean Ingalaterratik iritsitako monjeek sagastiak landatzen eta fruta fermentatzen irakatsi zieten bertakoei, sagarrak sagardo bilakatzeko. Goia jo zuen XIX. mendean, industria garrantzitsua izan zen duela 130 bat urte, baina etena izan zuen 1920an Vinmonopolet, garagardo, ardo eta likoreen estatuaren monopolioa ezarri zenean. Nahiz eta sagardogile gehienek behea jo zuten, nekazariek etxean sagardoa egiten eta edaten jarraitu zuten. 1990ko hamarkada bukaeran eta 2000ko hasieran sagardoarekiko interesa suspertu zen, legea aldatu, eta sagardo industria martxan jarri zen berriro.

2003an Hardanger Cider Organization sagardogile sarea sortu zuten eta 2009tik jatorri deitura babestua da. Aldaketa garrantzitsuena, ordea, urte batzuk geroago heldu zen. «2016an baserrietan saltzeko baimena lortu genuen. Gazte asko baserrira bueltatu ziren eta, saltzeko aukera zutenez, sagardoa egiten hasi ziren. Ondorioz, garatu egin da sektorea», azaldu du Ulvik hiriko Ulvik Frukt & Cideriko arduraduna den Asbjørn Børsheimek. Aldaketak bultzatuta, eta ekoizle kopuruarekin batera, sagastien azalera ere hazten joan da, nahiz eta landetxeen lursailak txikiak izan ohi diren: 2-7 hektarea ingurukoak.

Asbjørn Børsheimek Norvegiako esperientzia azaldu zuen.

 

Lehengai berezia

Norvegiako bigarren hiri garrantzitsuena den Bergen hiritik 150 kilometrotara dago Hardanger eskualdea, sagardo artisauaren erdigunea. Izen bereko fiordoak ingurune naturala baldintzatzeaz gain, bertako sagarrak ezaugarritzen ditu: argiaren islak mendi magal malkartsuetan hazten diren frutek jasotzen duten argi kopurua handitzen du, eta era berean, udako beroa freskatzen du. Mikroklima horri lurraren mineralizazioa gehituta, emaitza askotariko sagarrak dira: gogorrak, lehorrak, gozoak, aromatikoak, mikatzak... Hardanger eskualdeko sagarrez egindako zukuak eta sagardoak munduko onenen artean daude. Jateko sagarrak dira, «azidotasun eta aroma handia dute, klima epelaren, lurraren eta fiordoaren ondorioz», laburbildu du Børsheimek frutari buruz galdetuta. Lehengaia oinarrizkoa bada ere, urteak, uztak eta prentsatze denborak ere zaporeari eragiten diola zehaztu du ekoizleak.

Sagardogintzaren iraultzan zeresan berezia izan duen sagardogileetako bat da Børsheim, urtetan ekoizleen elkarteko presidentea izan da. Profesionalki duela hamabost urte hasi zen sagardoa ekoizten, etxean lehenagotik egiten bazuen ere. «Aurretik beste bizitza bat nuen. 2004an baserri bat erosi nuen eta Norvegian sagardo ekoizle aitzindarietako bat izan nintzen». Hakastad etxaldeak hiru bat hektareako lursaila du eta sagarra besterik ez du hazten bertan. Hori bai, askotarikoak. «Fruta ekoizle batek sei bat mota baditu, nik 24 ditut», nabarmendu du. Uztaren zati txiki bat saldu egiten du, gainerakoa eta erositako batzuk, «orotara, 15 bat tona», zukutarako eta sagardotarako baliatzen ditu, erdibana. Zortzi sagardo mota ekoizten ditu eta estatuaren monopolioari, jatetxeei edo baserrira doazen bisitariei saltzen dizkie.

Kalitatean jarri dute fokua eta ikerketak egin dituzte probatzeko. Horrekin batera, sagardoaren hizkuntza landu eta zapore txarrak eta onak atzematen ikasi dute, biak ezagutzea «garrantzitsua» baita. Ahaleginaren adierazgarri da Norvegiako sagardoek sari ugari jaso izana azken urteotan, Frankfurteko World Cider Awards edo Sagardo Forum Nazioarteko Sagardo Lehiaketan, kasu. Edonola, ez dute esportatzen, baina bisita egiten dieten atzerriko turistei saltzen diete.

 

Natura, turismo erakargarri

Lan asko egiten du bisitariekin. Izan ere, Ulvikeko Sagardoaren eta Sagarraren ibilbidearen parte da Ulvik Frukt & Cideri Hardanger Saft-og Siderfabrikk eta Syse Farm landetxeekin batera. Børsheimek gogoratu duenez, 2010ean abiarazi zuten elkartzea onuragarria zela sinetsita. «Nahiz eta lehiakideak izan, turistentzat eta turismo agentzientzat gu bat gara. Hori oso garrantzitsua da. Horrenbeste hazi izanaren arrazoietako bat irekita gaudela da, elkarrekin lan egiten dugu. Normalean, Handargereko gizon zaharrek erregeen modura jokatzen zuten: bakoitza bere lekuan mantentzen zen, norberarentzat gordeaz berea. Gu irekita gaude, eta hori garrantzitsua da arrakasta izateko».

Sagastietara joan, baserriak bisitatu, dolarean sagardoak dastatu, produktuak erosi eta beste jarduera batzuk egiteko aukera du bisitariak. Ulvik hiriaren erdigunetik gertu daude hiruak, eta bakoitzak bere berezitasunak dituenez, zerbait desberdina eskaintzen dio bisitariari, bere sagardoaz haratago. Adibidez, Syse Gareden museo lantegi bat dago, tradizio artisauak ezagutzeko. Horrez gain, urtean bi jaialdi egiten dituzte: Sidersleppet (maiatzean) sagardoak ospatzeko, eta Fruktsleppet (urrian) sagar uztaren festa. Børsheimen hitzetan, «sagardo jaialdian txartela erosi eta hiru baserrietara joan zaitezke, esperientzia bizi, ekoizpena ikusi, eta sagardoak edo zukuak dastatu. Udazkenean, berriz, sagarren eta beste fruten dastaketa egiten dugu».

Turistekin jardutean «diskurtso on bat izatea, istorio on bat» funtsezkoa dela uste du Børsheimek. Asmatu dutela dirudi, «abuztuko aste bakarrean 20 herrialdetako pertsonak izan ditut nire baserrian. Hazten ari da». Ez dira horrekin konformatzen, ordea. Eskualdeko naturaz gozatzeko jarduerak egin eta ondoren sagardogileen etxeetara joateko aukera ere lantzen ari dira. «Inguruan dugun natura aprobetxatzea da helburua». Asbjørn Børsheim Norvegiako sagasti batean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!