«Gure sagardo berria» oihukatuz ireki du Etxezarretak, 2024ko txotx denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 17a, 00:00

«Gure sagardo berria» oihukatu zuen Iñigo Etxezarretak Alorrenean, atzo.

Atzo XXXI. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean, Iñigo Etxezarretan ireki zuen aurtengo txotx bolada, Alorrenea sagardotegian. Aurretik sagarrondo berri bat landatu zuen, Kontxa Etxeberria plazan.

Sagardoa izan zen atzoko protagonista Astigarragan. Izan ere, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, XXXI. Sagardo Berriaren eguna ospatu zuten, eta horrenbestez, atzo eman zitzaion hasiera 2024ko txotx denboraldiari. Eguerdiko 12:00etan hasi zen ekitaldia, Erriberan eskainitako prentsaurrekoarekin. Astigarragako alkatea den Xabier Urdangarinek, mimo eta arreta haundiz egindako sagardoak gozatzeko gonbidapena luzatu zien bertaratutakoei, eta parte hartzaileek hitza hartu ostean, berrikuntza gisa, Antton Telleriak monologo ederra eskaini zuen. 

Prentsaurrekoa amaituta, aurtengo gonbidatu bereziak, ETS taldeko Iñigo Etxezarretak, sagarrondo berri bat landatu zuen, Astigarragako Kontxa Etxeberria plazan. Landaketa egin ostean, Alorrenea sagardotegian Astigar dantza taldeak ohi moduan sagar dantza eskaini zion aurtengo gonbidatu bereziari eta Etxezarretak, jarraian ireki zuen 2024garren urteko aurreneko kupela, 'Gure Sagardo Berria' oihukatuz. 

 

Etxezarreta «pozez eta ilusioz»

Atzo «pozez eta ilusioz» zegoela aitortu zuen Iñigo Etxezarretak eta adierazi zuen, besteak beste, Arabar Errioxako herritar bat gonbidatu izana keinu polita dela.

Amaitzeko, 2023ko uztari buruzko eta sagardoari buruzko xehetasun gehiago irakurgai izango dituzue larunbateko Kronikan.

Erlazionatuak

Txotx irekiera 2024

Kronika - Erredakzioa urt 16 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!