Astigarragan onartutako aurrekontuen «balorazio positiboa» egin du EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 00:00

EH Bilduk gogor kritikatu ditu oposizioko alderdiak, EAJ eta PSE-EE, «absentismoa» eta «heldutasun falta» egotzita.

Astigarragako EH bilduk Udalean onartutako aurrekontuen «balorazio oso positiboa» egin dut. Nabarmendu dute gizarte babeserako politikak sendotzeko beste urrats bat izango direla: «%15ean areagotuko da politika hauetarako aurrekontua». 
Politika feministetan ere jarri dute azpimarra koaliziotik: «Aipatzekoak dira berdintasun sailak izango duen hazkundea, eta Emakumeon Etxeak 51.000 euroko dirulaguntza jasoko duela, iaz baino 10.500 euro gehiago». 
«Parte hartze politikaren sustapena» ere indarguneen artean kokatu du EH Bilduk, baita  «kultura sailak izango duen hauspotzea eta euskera sustatzeko ekimenen indartzea» ere. 

Oso kritiko agertu da EH Bildu oposizioko alderdiekin
Astigarragako EH Bildutik gogor krititatu dituzte oposizioko alderdiak. EAJri egotzi diote «noraezean eta axolagabe» jokatzea, eta «absentismoa» nabarmendu dute: «EH Bilduren aurrekontua kritikatzeko gai izan dira, baina ez ziren gai izan aurrekontuak aurkezteko ezta alderdien emendakinak onartzeko edo baztertzeko egindako batzordeetan parte hartzeko». 
Horrez gain, EAJk Astigarragarako «proiektu propioen falta» duela ere aipatu dute EH Bildutik: «Inolako oinarri eta zentzurik gabeko emendakinak aurkeztu ditu horiek bultzatzeko helburu iruzurtiarekin». Oharrean EAJren zenbait proposamen jarri dituzte «Astigarragako errealitatetik at» dagoela adierazteko; «Emakumeon Etxearen dirulaguntza %70ean murriztea», besteak beste.

«Jarrera irekiagoarekin»  nabaritu dute PSE-EE
PSE-EE alderdiaren kasuan, ordezkariaren jarrera «positiboki» baloratu du EH Bilduk, «nahiz eta azken momentuan ez duen heldutasun eta ausardia nahikoa izan 2024ko aurrekontuak babesteko». 
Koaliziotik gehitu dute «saiakera» egin dutela PSE-EEren zenbait emendakin kontuan hartzeko: «Baina azkenean, PSE-EEk, inork (ez udaltzainek, ez zerbitzuetako sailekoek, ez herritarrek) eskatzen ez duen 30.000 euroko kostua izan dezakeen semaforoa ez onartzeagatik, 12.359.152 euroko aurrekontuari aurkako botoa ematea lehenetsi du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!