Bihar hasiko da 2024ko txotx denboraldia, XXXI. Sagardo Berriaren Egunarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 15a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan jarri dute prentsaurrekorako hitzordua, Erriberan. Ondoren, 13:45etan, Iñigo Etxezarreta abeslariak irekiko du denboraldiko lehenengo kupela, Alorrenea sagardotegian.

Bihar emango diote hasiera 2024ko txotx denboraldiari, XXXI. Sagardo Berriaren Egunarekin. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoaren Lurraldeak, Astigarragako Udalaren babesarekin, egun osoko egitaraua prestatu dute sagardoaren bueltako jarduerekin.

Ohi bezala, aurkezpenarekin hasiko dute eguna ordezkariek. Erribera kulturgunean jarri dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan, eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak hartuko du hitza; bertan izango dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere. Prentsaurreko horretan 2023ko sagarraren uzta, sagardo berria eta sagardoaren sektoreko berrikuntzak aurkeztuko dituzte.

Erakundeetako ordezkariez gain, bertan izango da aurtengo gonbidatu berezia: Iñigo Etxezarreta gasteiztarra. En Tol Sarmiento taldeko abeslaria izango da txotx denboraldi berriari hasiera emateko arduraduna, eta sagarrondo berri bat landatuko du Erribera kulturgunean bertan.

Bazkalordua iristen doan heinean, Erriberatik Alorrenea sagardotegira lekualdatuko da ekitaldia. Aurten ere Alorrenean irekiko dute urteko lehenengo kupela; 13:45ak aldera izango da hori, orduantxe oihukatuko baitu Etxezarretak 'gure sagardo berria' esaldia.

Festa giroan egingo dute irekiera ekitaldia, eta bihar ere ez dira dantzariak, musikariak eta bertsolariak faltako. Agin Laburu eta Sustrai Colina bertsolariek, esaterako, Erriberan egingo dute lehenengo saioxka, eta Alorrenean ere arituko dira kantuan.

Festa giroak jarraipena izango du arratsaldean. Astigarragako tabernetan pintxoak dastatzeko aukera izango da, trikitilarien laguntzarekin.

XXXI. SAGARDO BERRIAREN EGUNA

ASTIGARRAGA

BIHAR

12:00 AURKEZPENA eta prentsaurrekoa Erribera kulturgunean.

Ondoren, urteko gonbidatuak, Iñigo Etxezarreta abeslariak, sagarrondo berri bat landatuko du.

13:45 LEHEN KUPELA IREKITZEA Alorrenea sagardotegian eta horrekin 2024ko txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio.

Sagardo berriaren eguneran zuzeneko emanaldia eskainiko da herriko tabernetan.

18:30 PINTXO DASTAKETA trikitlariekin Astigarragako tabernetan.

Antolatzaileak: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoaren Lurrraldeak antolatua Udalaren babesarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!