«Asko maite dugu Astigarraga, guretzako oso plaza berezia da, etxean bezala sentiarazten gaituzte»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

Tomaxek eta Muxik 'Azken festa' emanaldia eskainiko dute Astigarragan, bihar. Argazkia: Gorka Bravo.

Bihar arratsaldeko 17:00etan, Tomaxek eta Muxik 'Azken festa' emanaldia eskainiko dute Erriberan, «publikoari agur esateko» asmotan. Sarrerak 'Bibe.me' webgunean edo Erriberako leihatilan daude erosgai.

Tomax eta Muxik 2024garren urtean ‘Azken festa’ izeneko azken emanaldia eskainiko dute Euskal Herriko zenbait oholtzatan. Publikoari agur esateko, ikuskizun berezia prestatu dute, euren ibilaldiko unerik barregarri eta ederrenak biltzen dituena eta bihar 17:00etan, geldialdia egingo dute «herri kuttun batean»: Astigarragan. Kronikak, Tomaxekin eta Muxirekin hizketaldi eder bat izan du eta bi pailazoek aitortu dute «gogoz eta ilusioz» daudela biharko emanaldirako. 

 2024an eskainiko dituzue azken emanaldiak. Nola aurreikusten duzue urte hau? 

‘Azken festa’ emanaldia antolatu dugu aurtengo urterako eta honekin emango diegu amaiera emanaldiei. Orain arte egindako abesti eta ‘sketch’ak oholtzaratuko ditugu gogo eta ilusio haundiz prestatutako emanaldi honetan. Ordubete eta hamabost minutuko emanaldia izango da, benetan dibertigarria. 

Gogoz gaude, baina aldi berean, tristura puntu batekin, gure emanaldien amaiera bira heldu delako. Hala ere, saiatzen gara ez pentsatzen horretan eta bideaz disfrutatzen saiatzen gara, oraindik oholtza asko baitauzkagu aurretik. 

Urtarrilean eta otsailean emanaldi asko dauzkagu, eta hori oso pozgarria da; izan ere emanaldiek oso erantzun positiboa izan dute. Urnietan estreinatu genuen ‘Azken festa’ lana, eta sekulakoa izan zen, oso goxoa eta dibertigarria.

 ‘Azken festa’ izeneko emanaldia izango da urteko azkena. Zer ikusiko da bertan?

Izenak dioen moduan, festa bat da. Familia giroan ikusteko emanaldi aproposa, izan ere, guraso askoren ‘feedback’a jaso dugu umeek bezain ondo pasa dutela adieraziz.

Gure ‘sketch’ onenak bildu ditugu, esaterako;  ‘Gure azken balea’, ‘Andereño Koro’ eta ‘Txanogorritxu eta otsoa’ emanaldikoak. Abesti parte hartzaile batzuk aukeratu ditugu eta guzti horrekin nahasketa bat egin dugu ‘Azken festa’ osatzeko. Urte guzti hauetan gurekin bidaiatu duten abesti eta eszenak ekarriko ditugu 2024ko azken birara.  

Astigarragan egingo duzue geldialdia bihar, zer moduz zoazte? 

Astigarragako plaza asko maite dugu. Guretzat izan da berezia, urtero joaten gara eta beti sentitzen gara etxean. Eta benetan diogu, Astigarraga gure bihotzeko plaza da, beti sentitu gara oso maitatuak. Uste dugu, ‘Azken festa’ emanaldia arrakastatsua izango dela, Astigarragan batik bat. Gure herri kuttunenetako bat da, eta ez da elkarrizketa hau Kronikan argitaratuko delako, benetan diogu, plazerra da Astigarragako plazan emanaldia eskaintzea. 

Gainera, familia gazte eta berri asko daude Astigarragan, eta susmoa dugu Erribera beteko dugula.  

Nolako jarrerarekin joan behar dute astigartarrek bihar Erriberara? 

Astigartarrek ederki ezagutzen gaituzte, eta badakite zer nolako jarrerarekin etorri behar duten. Irribarre batekin etorriko dira, izango da festa eder bat, denok kantatzeko eta dantzatzeko tartea izango dutena. Aisialdiaz gozatzeko tarte ederra izango dugu bihar.

Orain arteko ibilbidea nola definituko zenukete? 

Gu gatoz Euskal pailazoen tradiziotik, hau da, Txirri, Mirri eta Txiribiton; eta Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoez asko ikasi dugu. Zirkoko pailazo hauek, antzokietara eta kalera egin zuten salto, euskeraz. Antzokietan hasi ziren uztartzen umorea, abestiak eta sketchak euskeraz. Tradizio horretatik gatoz gu biok. Uste dugu gainera, tradizio hau mantendu behar dela, bertakoa baitugu, Euskal Herrikoa. Gure ezaugarririk nagusiena esango nuke dela euskeraz direla emanaldiak, euskal herriko pailazo gehienena bai behintzat, eta hori oso aberasgarria da. Gure transmisioa euskeraz da. Eta nahiz eta pailazo talde asko egon, pailazo bakoitza ezberdina da, bakoitzak bere modura egiten ditu emanaldiak, edota abestiak. Euskal Herrian iruditzen zaigu guztientzat dagoela tokia, izan abesti ederrak egiten dituen pailazoa, edota emanaldi barregarriak eskaintzen dituena, denentzako daude oholtzak.

Nola ikusten duzue gaur egungo pailazoen eta antzerkiaren mundua Euskal Herri mailan?

Talde berri asko ari dira sortzen, eta hori gaur egun pozgarria da. Eta horrek urte asko antzokietan daramazkigun pailazoei lasaitasuna ematen digu, pailazoen transmisioak jarraitu egingo baitu, etorkizunean pailazoek euskal herritarren irriak eragiten jarraituko dute. Euskal Herrian dugu pailazoen emanaldi formatu bat eta uste dut hori babestu behar dugula, oso maitatuak direlako pailazoak.

2024garren urtean sartu berri... oraindik urte osoa aurretik agur esateko.

Hemen inguruan egingo ditugu geldialditxoak, esaterako, inauterietan Hernanira goaz eta gogoz gaude. Eta nola ez jendea hurbildu dadila, festa ikusgarria prestatu dugu biharko, eta parte hartzeko gonbitea luzatu nahiko genuke. Agurra da, baina festa giroan! Beraz, etorri ez zarete damutuko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!