Udalak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu 2024ko txotx irekierarako

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 6a, 00:00

Izena emateko epea datorren asteazkenean, urtarrilaren 10ean, amaituko da.

Astigarragako Udalak bost sarrera bikoitz zozketatuko ditu 2024ko irekieran parte hartzeko. Sagardoaren Lurraldeak eta Sagardoa Jatorri Deiturak antolatuta, urtarrilaren 16an, asteartea, XXXI. Sagardo Berriaren Eguna izango da. Egun horretan emango zaio hasiera 2024ko txotx boladari, eta herriko bost bikotek izango dute bertaratzeko aukera.

Izen ematea

Urtarrilaren 10era arte egongo da izen ematea zabalik. Hortaz, interesa duenak mezu bat bidali beharko du alkatetza@astigarraga.eus helbidera, edo, bestela, zuzenean 943 55 05 75 telefonora deitzeko aukera izango du. Izena ematerako orduan, bertaratuko diren bi pertsonen izen-abizenak, harremanetarako telefono mugikor bat eta helbide elektroniko bat eman behar dira, eta parte hartzeko baldintza astigartarra izatea da.

Zozketa hilaren 12an egingo da eta irabazleen izenak udal webgunean argitaratuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!