Udalak bost sarrera bikoitz zozketatuko ditu txotx irekierarako

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 3a, 00:00

Zozketan izena emateko epea ireki da eta urtarrilaren 10era arte izango da zabalik.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, urtarrilaren 16an, XXXI. Sagardo Berriaren Eguna izango da, 2024ko txotx denboraldiari hasiera eman eta sagardo berria dastatzen hasteko. Nork irekiko duen aurtengo lehenengo kupela eta 'Gure Sagardo Berria' nork oihukatuko duen oraindik jakiteko dago.

Astigarragako Udalak bost sarrera bikoitz zozketatuko ditu herritarren artean ekitaldira joateko. Zozketan parte hartzeko, derrigorrez, astigartarra izan behar da.

Izenemateko epea atzotik urtarrilaren 10era bitartekoa izango da, eta alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzi edo 943 55 05 75 telefonora deitu behar da. Horretarako, bertaratuko diren bi pertsonen izen-abizenak, harremanetarako telefono mugikor bat eta helbide elektroniko bat eman behar dira. Zozketa urtarrilaren 12an egingo da, eta irabazleen izenak udal webgunean argitaratuko dira.

 

Txotx irekiera Alorrenean izango da

Azken urteetan maiz gertatu den bezala, aurten ere Alorrenean izango da Txotx Irekiera. Aurretik, eguerdiko 12:00etan, ekitaldia eta aurkezpena Astigarragako Erribera Kulturgunean hasiko da. Sagarrondo bat ere landatuko dute, eta ondoren, Alorrenea sagardotegian emango zaio jarraipena ekitaldiari. 

Aurrena, txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko dute Astigar taldeko dantzariek, eta jarraian, sagardogileek irekierako protagonista edo protagonistak soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dituzte, bertaratutakoei sagardo berria dastatzeko gonbitea luzatuz. Egunean zehar bertsolariak ez dira faltako, eta streaming bidez ere ikusi ahal izango da txotx irekiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!