3.000 kilo hondakin bildu dituzte Urumeatik, Astigarragako Udalak bideratutako garbiketetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 00:00

Sei garbiketa saio egin dituzte 2023an, eta 3.019,605 kg hondakin bildu dituzte. 2024an garbiketa lanekin jarraitzea da Udalaren asmoa.

Urumea ibaiaren garbiketa saioak bideratu ditu aurten ere Astigarragako Udalak, eta, urtea amaitzear den honetan, garbiketetatik eratorritako datuak argitaratu ditu. Guztira sei garbiketa saio egin dituzte, eta 3.019,605 kilo hondakin jaso dituzte Urumeatik. Urzain enpresa izan da Urumea garbitzeko arduraduna, eta bi hilean behin egin dituzte astebeteko bilketa saioak. 

Astigarragako Udaletik hondakin horiek sortzen duten kalteari buruz ohartarazi dute: «Zoritxarrez ohikoa da mota eta tamaina desberdinetako hondakinak pilatzea Urumea ibaiaren eta erreken ertzetan. Hondakin horiek uraren kalitateari eta ibilguari eragiteaz gain, ekosistema autoktonoari ere eragiten diote, bai animaliei bai landareei». 

Bestalde, garbiketa lanekin lortu nahi duten helburua ere azaldu dute: «Ekimen honen helburua da kalteak murriztea eta habitataren baldintzak hobetzea. Aldi berean, ibai garbi eta txukun bat jarri nahi da herritarren eskura». 

Plastikoak eta eraikuntza eraikinak bildu dituzte gehien

Datuei dagokienez, bildutako 3.000 kiloei buruzko xehetasunak eskaini ditu Astigarragako Udalak. Kiloei erreparatuta, eraikuntza hondakinak (803,705 kg), plastiko gogorrak (758,735 kg) eta tamaina haundiko hondakinak (518,740 kg) atera dituzte gehien Urumeatik. Bildutako hondakin guztiak sailkatu eta Garbigunera eraman dituzte. 

Astigarragako Udalak positiboki baloratu du egindako lana: «2024an garbiketekin jarraitzea da asmoa. Bide batez, herritarrei gogorarazi nahi diegu natura zaintzea guztion ardura dela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!