Astiko Merkatari Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearen eskutik, GauTOPA ospatuko da gaur, Kontxa Etxeberria plazan. Helburua herria Gabon giroan murgiltzea da eta elkartea bera ezagutaraztea. Gauzak hala, ekintza ugari antolatu dituzte, arratsaldeko 18:00etatik hasita iluntzeko 20:00ak arte.
Jaiari hasiera emateko, Astiko elkarteak txokolate eta bizkotxo banaketa egingo du, eta arratsaldeak aurrera egin ahala, txistorra banatuko da bertaratzen direnen artean. Plazan, etxeko txikienentzat, Olentzero eta Mari Domingiren gutuna jasotzeko postontzi haundi bat egongo da, eta gutuna bertan botatzen duten haurren artean euskarazko produktuen hiru opari-lote zozkatuko dira ospakizuna amaitzean.
Hortaz gain, haurrentzat bi tailer antolatu dira: tatuajeak egiteko tailerra bata, eta gabonetako postalena bestea; eta, guztia Astigarragako "3ttu erromeya" taldeak girotuko du.
Gabonetako argazkia Set-a
Gabonetako argazki estudio bat egongo da plazan, jaiak iraun bitartean hurbiltzen den orori baserritarrez jantzita argazkiak ateratzeko. Argazkilaria 'Pastain Irudi Zerbitzuak' estudioko Alfredo Ruiz izango da, eta asmoa da ateratako argazki horiek Astiko elkartearen sare sozialetan partekatzea ondorengo egunetan.
Elkarteko kideek dei egiten diete astigartar guztiei GauTOPAra bertaratu daitezen, eta eskertzak plazaratu dituzte urte osoan zehar herriko denda eta tabernetan kontsumitu duten herritarrentzat.