Gabonetako kontzertu bereziarekin itxiko dute 'Ahober' zikloa, 23an

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 00:00

'Ahober' zikloaren bigarren kontzertua, Erriberan.

Kontzertu honekin, amaiera emango zaio 'Ahober' zikloaren lehenengo edizioari. Emanaldia larunbatean eskainiko dute, Astigarragako elizan eta doakoa izango da.

'Ahober' ahots berdinen abesbatza zikloaren hirugarren kontzertua eskainiko du Astigarragako Eragiyok abesbatzak, Matias Sagreras organista argentinarrarekin eta Oiasso Boskotea harizko talde gipuzkoarrarekin. Kontzertua larunbatean izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita, Astigarragako elizan. Doako emanaldia izango da eta astigartarrei bertaratzeko gonbitea luzatu diete Eragiyok abesbatzako kideek.

Kontzertu honekin, amaiera emango diote aurten lehenengo aldiz Astigarragan egin den ahots berdinen abesbatza zikloari; Eragiyokek, Astigarragako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Abesbatzaren Elkartearen laguntzaz antolatu duena, hain zuzen. Eragiyok abesbatza «pozik» agertu da: «aurreko emanaldietan herritik pasa dira Jatorki Ahots Zuriak Bilboko emakumeen taldea eta Voces Graves de Madrid gizonezkoen abesbatza». Eta aitortu dute, dagoeneko 2024rako bigarren ekitaldiarekin hasiak direla.

Gabon kontzertu berezia, larunbatean

Astigarragako Eragiyok abesbatzak Gabonetako kontzertu berezia prestatu du larunbaterako. Matías Sargeras eta Oiasso Boskotearen laguntzarekin, eliz-musika eta Eguberri doinuak uztartuko dituen kontzertua eskainiz. Aurreneko zatian, aurten errepertorioari gehitu dioten Vicente Goicoechearen 'Missa in Honorem Imma. Concept. B.M.V' eskainiko dute, eta aurretik, Hondarribiako eliz-musika zikloan eta Azpeitiko Udaleko Musika Printzak jaialdian interpretatu dutena. 

Bigarren zatia, berriz, Gabon kantez osatuta dagoela aitortu dute abesbatzakoek:  «gainera, bertaratutakoek Jose Olaizola, Tomás Aragüés, Valentin Larrea eta Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dituzte. Horien artean nabarmentzekoa izango da Larrearen ‘Villancico al Niño Jesús’-en interpretazioa, horrekin batera hasiera emango baitiote konpositore gipuzkoarrak abesbatzarako egindako obra berreskuratzeko lanari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!