Baliabide ekonomiko urriak dituzten herritarrek aukera dute Astigarragako udal tasetarako hobariak eskatzeko, abenduaren 31era arte. Udaletik jakinarazi dute hobari horien helburua dela baliabide ekonomiko urriak dituzten eta oinarrizko udal zerbitzuak ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonak laguntzea: «Hobaria %50, %75 edo %90ekoa izango da bizikidetza unitatearen diru sarreren eta kide kopuruaren arabera», jakinarazi dute.
Laguntza jaso ahal izateko hiru baldintza bete behar dira: Astigarragan erroldatua egon behar da, Udalarekiko ordainketak egunean izan behar dira eta Astigarragako Udalaren webgunean dauden hobari tauletako diru sarrerak izatea.
Baldintzak betetzen dituzten herritarrek Udaletxeko erregistroan edo tramitazio elektronikoaren bidez egin dezakete eskaera. Informazio gehiago behar dutenek kontuhartzailea@astigarraga.eus helbidera idatzi edo 943 33 52 33 telefonora deitu dezakete.