'Hondamendia' antzezlana eskainiko da bihar arratsaldean Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 15a, 00:00

19:00etan hasiko da. Harkaitz Canok 2022an idatzi zuen, eta Ximun Fuchsek zuzendu du dantza eta musika uztartzen dituen lana.

Bihar Hondamendia antzezlana eskainiko da, Erriberan, 19:00etan. Sarrerak 8 euro balio du, 4 euro 18 urtez azpikoentzat. Harkaitz Canok 2022an idatzi zuen eta Ximun Fuchsek zuzendu du antzezlana. Artedrama eta Axut! taldeak batu ziren lan hau ekoizteko. Diziplina anitzekoa da ikuskizuna, eta dantza, musika, soinua eta irudia antzezlanean erabat integratuta daude. Eraikuntza hori dinamikoa izan zen, idazlearen eta antzerkilarien arteko elkarrizketa etengabean.

Antzezlanean bi hondamendik ataka larrian jartzen dituzte guztiak. 2020ko otsailean Zaldibarko zabortegiaren kolapsoak bi langile desagerrarazi zituen azpian. Patua, zoria edo zorte txarra? Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere handik dabiltza. 2020ko martxoa: covida heldu zen. 

Nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean? Hitz hoberik topatu ezean, hondamendia deitzen diote obrari. Hainbat pertsonaren bizimodua erruz aldatuko da obran, hortik abiatuta halako gertaera lazgarrien ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!