EAJk zuzenketak aurkeztu dizkio 2024rako EH Bilduren aurrekontuari

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 9a, 00:00

EAJko zinegotziak, Pleno batean.

Udal talde jeltzalearen ustez, EH Bilduk «ez du inbertsio estrategikoen aldeko apusturik egin, hala nola kiroldegia, anbulatorio berria eta hirugarren adinekoentzako egoitza».

Azaroaren 28ko Osoko Bilkuran onartu zen 2024rako Astigarragako aurrekontua. Datorren urterako aurrekontuen proposamena aurkeztu zuen EH Bilduren Gobernu Taldeak, eta epea jarri zuen helegiteak, proposamenak eta hobekuntzak aurkezteko. Egun horietan, EAJk EH Bilduk 2024rako planteatzen dituen diru-sarrerak eta gastuak aztertu ahal izan ditu, eta «jeltzaleek antzeman dugu gastua nabarmen igo dela eta inbertsioetan hutsune ulertezinak daudela».

Langileen gastuari dagokionez, udaltzaingoaren langile-gastuetarako partidak atentzioa eman dio EAJri. «Antza denez, zenbait agentek hilabete batzuk emango dituzte Arkauten prestakuntza jasotzen, hau da, Ertzaintzaren Prestakuntza Akademian, eta Gobernu Taldeak soldata osoak ordaintzea erabaki du, Astigarragan lanaldi osoan lanean ariko balira bezala. Gure ustez, gainera, aurretik gertatu den bezala, bidaia-gastuak eta dietak bere gain hartuko ditu. Horri guztiari, Arkauten daudenak ordezkatzen dituzten agenteen beste hiru soldata oso gehitu behar dizkiogu, baita beste ibilgailu baten erosketa ere, 50.000 euroko zenbatekoan».

Otaegi buru duen taldeari atentzioa eman dion beste gastu bat zaborraren kudeaketan izandako gehikuntza haundia da: «808.000 euro, hau da, 2023an baino 141.00 euro gehiago».

Inbertsioei dagokienez, EHBilduk «Apeztegi plazako igogailua, gizarte zerbitzuetarako lokal bat eta entseguak egiteko beste lokal bat baino ez ditu aipatu. Badirudi ez dela nahikoa Kulturetxe edo Erribera kulturgune berriko lokalekin». Talde jeltzaleak galdetu du «zer asmo duten lokal berri horietan egiteko, lehendik daudenetan entseguak egiten baitira, inolako arazorik gabe», eta galdetu du «udalerrian hain talde kopuru haundia dagoen entsegu-lokal berri horiek eraikitzeko beharra izateko. Guztira, 1.223.000 euro inbertituko dira, kiroldegia, anbulatorio berria eta hirugarren adinekoentzako zaintza-egoitza aipatu ere egin gabe».

Zentzu horretan, Maria Otaegi bozeramailearen ustez, «kezkagarria baino kezkagarriagoa da EH Bilduk hauteskunde kanpainan zehar proposatutako hiru proiektu estrategikoak agendatik erabat desagertu izana».

Hori dela eta, EAJ-PNVren udal taldeak zuzenketa batzuk erregistratu ditu «EH Bilduk astigartarren aurrean hartutako konpromisoak berreskuratzeko. Lehenengoa kiroldegia haunditzeko 100.000 euroko partida bat sortzeko, EH Bilduk ziurtatu zituen dirulaguntzekin osatuz joango dena. Bigarrena, etorkizun hurbilean Astigarragak behar duen hirugarren adinekoentzako zaintza-egoitza eraiki dadin. Hirugarrena etorkizuneko anbulatorioarentzat izango litzateke, EH Bilduk kanpainan esan baitzuen egungo kirol kantxetan eraikiko dela».

Hurrengo zuzenketak EAJk bere hauteskunde-proposamenean aurkeztu zituen proiektuetarako dira: «Santiagomendin irisgarritasun-eskakizunak betetzen dituen aterpetxe berri bat prestatzea; Sagarraren Interpretazio Zentro bat; eta belaunaldien arteko plan estrategiko bat», beste proposamen batzuen artean.

Laburbilduz, EAJren udal-taldeak ia 500.000 euroko zuzenketak egin dizkio aurrekontuari, eta, «zuzenketa horiei esker, nabarmen hobetu ez ezik, proiektu estrategikoak berreskuratu ere egingo ditugu; izan ere, dagoeneko martxan jartzen ez badira, datozen 4 urteetan ez dira egingo».

 

Hilerrira irisgarritasuna

Galtzaur-Txoritokieta bidean bizi diren astigartarrek egiten duten eskaeretako bat auzoa irisgarri egiteko beharra da. Zentzu horretan, talde jeltzaleak aurrekontuari zuzenketa gisa sartu du igogailu bat jartzeko partida bat, bi zatitan Galtzaur eta hilerria irisgarri egiteko. Hori dela eta, EAJk 60.000 euroko partida bat gaitzea proposatu du «azterketa egin eta obra hasteko, eta kopuru hori aurrerago osatuko litzateke soberakinari esker».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!