Abenduaren 14an ikusi ahal izango da 'Karpeta urdinak' dokumentala, Erribera kulturgunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 8a, 00:00

Tortura psikologikoari buruzko dokumentala da. Doako ekitaldia izango da, eta zuzendariarekin solasaldia egingo da proiekzioa bukatzean.

Datorren ostegunean, abenduaren 14an, tortura psikologikoari buruzko 'Karpeta urdinak' dokumentala ikusteko aukera izango da, Erriberan. Ander Iriarte zinemagile oiartzuarrak sortutako dokumentala da, eta «arrasto fisikorik uzten ez duen tortura motari» erreparatzen dio bereziki lanean: «Sarritan sufritu dutenentzat ere ikusezina eta ohartezina den tortura horri arreta jarri nahi izan dio», azaldu dute antolatzaileek.

Bi orduko iraupena dauka dokumentalak, eta bertan torturak jasandako pertsonen testigantzak jaso ditu, haien bizipenak kontatuz, edo «ikusezintasunari eta autoikusezintasunari» buruzko gogoetak eginez.

Gai honekiko lotura alor pertsonal batetik datorkio Iriarteri; hala onartuta egon ez arren, bere aitak komisaldegian torturak jasan zituenaren susmotik abiatu zuen ikerketa lana, eta bertatik sortu zuen dokumentala. Proiekzioa arratsaldeko 18:30etan hasiko da. Saioa guztiz doakoa izango da, eta emanaldia amaitzen denean Ander Iriarte zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango da. 

'Orri zuriak betetzen', Durangon

Bide oparoa osatzen ari da 'Orri zuriak betetzen' dokumentala. Apirilean estreinatu zen Gerra Zibileko eta Frankismoko biktima astigartarrei buruzko dokumental hunkigarria, eta Durangoko Azokako aretoetara ere iritsi da. Ordutegiari dagokionez, dokumentala igande honetan, abenduaren 10ean, azokako Irudienea aretoan ikusteko aukera izango da, eguerdiko 13:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!