Dagoeneko zabaldu dute Astigarragako Emakumeon Etxea eta Emakumeon plaza lotzen dituen tunela. Tunel honen obra aurreikusita zegoena baino gehiago luzatu dela nabarmendu du Astigarragako Udalak: «Oso material berezia erabili baita, eta ustekaberen bat egon da. Hala ere, azkenean, tunel morea ireki da».
Proiektu honen helburua Emakumeon Plazatik Sagardo Plaza eta Joseba Barandiaran plazetarako pasabidea egokitzea eta atontzea izan da. Horretarako, tunelaren hormak apaindu dituzte eta argiztapena indartu dute: «Horma kubritu da, non inprimatutako konposizio bat duten baldosa zuriak jarri diren. Sabaian ispilua ere jarri da, zabaltasuna emateko», azaldu du Udalak.
Tunel Morearen diseinuan Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak egin du lan, argazki saioak eta konposizioa bere eskutik egin dira. Herriko emakumeekin egindako argazki saioak kultur etxe zaharreko sagastian egin ziren. Behin argazkiak eginda, negatiboak tindatu eta kolore desberdinetako konposizioa sortu zen; hala nola, indarra, ahalduntzea...Konposizio hori baldosa zurietan inprimatu zen. Hala, irudi horiekin, «ikusgarritasuna» eman zaie emakumeen gorputzei.
Lanen aurrekontua 44.235,18 eurokoa izan dela jakinarazi du Astigarragako Udalak.