2024ko udal aurrekontua eta beste hainbat gai onartuta, Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 3a, 00:00
Astigarragako Plenoa. Artxiboko irudia

Udal aurrekontua EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EE ren aurkako botoekin onartu zen, astearteko Osoko Bilkuran.

Astearteko egin zuen Plenoa Astigarragako Udalak, eta 11 izan ziren eguneko aztergaiak, baina 2024ko udal aurrekontuei eskaini zitzaien bileraren tarterik haundiena. Atzoko Kronikan argitaratu ziren aurrekontuaren nondik norakoak, eta astearteko batzar horretan eman zitzaien hasierako onarpena, oposizioaren emendakinei erantzun ostean.

Astigarragako 2024ko udal aurrekontua EH Bilduren aldeko bozkekin onartu zen, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu baitzuten. EAJk emendakin ugari aurkeztu zituen: besteak beste, haundiegiak iruditu zitzaizkion Udaltzaingoari auto berria erosteko diru partida eta entsegu lokalak eraikitzeari eskainitakoa, eta sagarraren interpretazio zentro bat irekitzeko 30.000 euroko partida bat sortzea proposatu zuten. Halaber, EAJren hitzetan, aurrekontua jaso zutenean «harritu» egin ziren kiroldegiarekin lotutako partidarik jaso ez zelako.

Xabier Urdangarin alkateak erantzun zion, beharrezkoak ikusten dituztela udaltzainen autoa erosteko 50.000 euroak: «Auto bakarra dugu, eta edozein matxuraren aurrean salduta geldituko ginateke. Prezioa altua izan daiteke, baina ibilgailu hori prestatzea ere garestia da». Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaio entsegu lokal gehiagoren sorrera, musika eskolako gelak «gainezka» daudela argudiatuta eta taldeek sor ditzazketen zaratak txikiagotze aldera: «Aspaldiko eskaera da, badaude taldeak poligoenoetako lokalak alokatzen dituztenak». Urdangarinek ez zuen ulertu sagardoaren interpretazioa zentroa sortzeko partida: «Ez dakit zein ezberdintasun dagoen horren eta Sagardoetxearen artean. Gainera, zuek proposatzen duzuena da hori aurrera ateratzeko 30.000 euroak Emakumeen Etxeko diru laguntzatik hartzea. Emakumeon Etxeak 50.000 euroko laguntza jasotzen du, eta larria iruditzen zaigu zuen proposamena». Azkenik, kiroldegiaren kexari erantzunez, Urdangarinen hitzetan kiroldegia aurrekontuan ez sartzearen arrazoia da kiroldegiko exekuzio proiektua idazten ari direla.

PSE-EEren emendakinei dagokienez, EH Bilduk horietatik lau onartu zituela adierazi zuen, eta beste hainbeste jada aurrekontuen barnean zeudela. Herrian semaforoa jartzearen proposamena, ordea, ez zuten onartu, ez dutelako «beharrezkoa» ikusten eta, bestetik, PSE-EEk proposatutako azoka estaliak momentu honetan haien aurrekontuan lehentasunik ez zuela esan zuen alkateak. PSE-EEri ez zitzaizkion nahikoak iruditu onartutako aldaketak, eta aurkako bozka eman zion 2024ko udal aurrekontuari.

Eguneko beste aztergai bat ibai parkea haunditzeko desjabetza espedientea izan zen. Udalak urrian onartu zuen ibai parkea haunditzeko proiektua, eta ondorioz, hainbat lursail desjabetzeko espedientea bideratu zuen: «Jabe guztiekin hitzarmenak sinatu ditugu, batekin izan ezik», azaldu zuen alkateak. Astearteko akordio proposamena zen Udalak herritar horri eskainiko zion prezioa finkatuta uztea: «Gero pertsona horrek aukera izango du prezioa onartzeko edo ez». Aho batez onartu zen aztergaia, eta berdin, esaterako, PSE-EEk aurkeztutako adierazpen instituzionala, klima babeslekuen eta espazio publikoen birnaturalizazioari buruzkoa. Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpenari, berriz, PSE-EEk aurkako bozka eman zion, baina onartuta gelditu zen EH Bilduren eta EAJren botoekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!