Ostegun honetako greba feminista dela eta, Astigarragako Udalak egungo zaintza-sistemari buruzko gogoeta eragiteko bi hitzaldi antolatu ditu. Lehenengoa gaur izango da eta Maider Azurmendi Ormazabalek eskainiko du. Bera, Matia Fundazioko kooperazio arduraduna eta etxe eta komunitatea arreta zuzendaria da; eta beraz, zahartzaroak dakartzan beharrei erantzuteko proposamenak elkarbanatuko ditu, 'Zahartze-prozesua eta behar berriei erantzun berriak' izeneko hitzaldiarekin. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da hitzaldia, Erriberan.
Bihar, gizontasuna hizpide
Astigarragako Udalak antolatutako bigarren hitzaldia, aldiz bihar izango da: 'Gizonak parekidetasunaren bidean: aukerak eta korapiloak' izenburupean. Gizontasunari eta gizonen ardurei buruzko hausnarketa eragiteko helburua du hitzaldi honek. Egoitz A. Albeniz hernaniarra izango da hizlaria eta ondorengo gaiak aztertuko ditu, besteak beste, maskulinitatea nola eraikitzen eta erreproduzitzen den, gizonen pribilegio-egoerak, eta jarrerak eta egiteko moduak. Bigarren hitzaldi hau ere, arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Erriberan.