Zaintza hizpide bihar eta etzi, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 26a, 00:00

Egoitz A. Albeniz hernaniarrak eskainiko du etziko hitzaldia. Argazkia: hirukilarroxa.eus

Zahartzaroko beharrak eta gizonen ardurak erdigunean jarriko dituzte, Maider Azurmendik eta Egoitz A. Albenizek Erribera kulturgunean, euskeraz.

Datorren osteguneko greba feministara batzeko deia egin du Euskal Herriko mugimendu feministak, «zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko eta zaintza eskubide kolektiboa» aldarrikatzeko. Hori horrela, Astigarragako Udalak bat egin du deialdiarekin, eta egungo sistemari buruzko gogoeta eragiteko bi hitzaldi antolatu ditu, biharko eta etzirako. 

Aurreneko hitzaldian, zahartzaroan jarriko dute fokua, 'Zahartze-prozesua eta behar berriei erantzun berriak' izenburupean, zahartzaroak dakartzan behar berriei erantzuteko proposamen berriak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen diren astigartarrek. Hizlaria Maider Azurmendi Ormazabal izango da, Matia Fundazioko kooperazio arduraduna eta etxe eta komunitate arreta zuzendaria. Bihar arratsaldeko 18:00etan izango da hitzaldia, Erriberan. 

Bigarren hitzaldiak, berriz, 'Gizonak parekidetasunaren bidean: aukerak eta korapiloak' izenburua du.  Hizlaria izango da Egoitz A. Albeniz, antropologo eta LGBTI+, feminismo eta gizontasun gaietan aditua den hernaniarra. Era berean, Hiruki Larroxa kooperatibako kidea ere bada. Hitzaldi honek, gizontasunari eta gizonen ardurei buruzko hausnarketa eragiteko helburua du eta honako gaiak aztertuko dira bertan: maskulinitatea nola eraikitzen eta erreproduzitzen dugun, gizonen pribilegio-egoerak, jarrerak eta egiteko moduak. Bihar eskainiko du hitzaldia, arratsaldeko 18:00etan, Erriberan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!