'Nahi dugun Astigarragarantz' prozesuko saio irekiak, amaitzear

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 24a, 00:00
Hiru saio ireki geratzen dira gogoeta prozesua amaitzeko.

Urritik daude martxan euskera, toki garapen jasangarria, berdintasuna eta irisgarritasuna lantzeko prozesuak.

Urrian jarri zuen martxan Astigarragako Udalak 'Nahi dugun Astigarragarantz' gogoeta prozesua. Helburua euskerari, irisgarritasunari, berdintasunari eta tokiko garapen jasangarriari buruzko gogoeta saioak sustatzea da, ondoren Plan Estrategikoak osatu ahal izateko.

Dagoeneko bederatzi saio ireki egin dituzte, eta Astigarragako Udaletik balorazio positiboa egin dute: «Lau prozesuetan egin diren saio eta galdetegien emaitzak aberasgarriak izan dira eraiki nahi ditugun plan estrategikoak gauzatze aldera», nabarmendu dute.

Gogoeten eta saio irekien ibilbidea amaierara iristen ari da pixkanaka. Hiru saio besterik ez dira geratzen fasea ixteko, eta Udaletik deialdia egin dute horietara joateko: «Oso garrantzitsua da herritarrak hurrengo saioetara joatea».

Datorren asteazkenean, azaroaren 29an, euskerari buruzko azken saio irekia izango da. Prozesuaren adar honetako bosgarren bilera izango da, eta oraingoan euskalgintzari buruz hitz egingo dute.

Azken bi saioak abenduan izango dira. Abenduaren 12an irisgarritasun plan berritua diseinatzen hasiko dira, eta abenduaren 13an, berriz, tokiko garapen jasangarriaren ekintza plana garatzen.

Bilera guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, Erribera kulturgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!