V. Sagardo Foruma ospatuko dute azaroaren 30etik abenduaren 2ra arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 23a, 00:00
V. Sagardo Foruma aurkeztu zuten zenbait ordezkarik, atzo.

Sagardo Forumarekin bat eginez, gaurtik azaroaren 29ra 'Cider Week' ere egingo dute; besteak beste, izango dira dastaketa gidatuak, eta uztartze gastronomikoak.

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, 2023ko azaroaren 30etik abenduaren 2ra bitartean, Sagardo Forumaren bosgarren edizioa ospatuko dute. Atzo eman zituzten ekitaldiaren nondik norakoak ondorengoek: Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko koordinatzaileak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko Diputatuak, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako Diputatuak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien politikako sailburuordeak eta Daniel Solana Basqueotur-eko zuzendariak.

Sagarra eta sagardoari lotutako ekoizleak, adituak eta eragileak batuko dituen ekitaldi honek hiru zati izango ditu; aurrenekoa izango da, Naizoarteko Sagardo Lehiaketa. Azaroaren 30ean izango da, Donostiako Kursaalean. Bertan, mundu osoko dastatzaile ospetsuek 9 kategoriatan sailkatutako 260tik gora sagardo dastatuko dituzte. Aurten, 17 herrialdetako sagardoek izena eman dute lehiketan. 

Bigarren atala, jardunaldi teknikoek osatuko dute, abenduaren 1ean. Bertako, nazioko eta nazioarteko 12 adituk beren ezagutzen berri emango dute hiru gaitan oinarrituta: sagarra, sagardoa eta sagardotegiak baliabide turistiko gisa. 

Eta hirugarrekin,  Nazioarteko Sagardo Azoka izango da Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian, abenduaren 2an.  Azoka publiko orokorrari nahiz profesionalari zabalik egongo da, eta bertako, nazioko zein nazioarteko 26 erakusketari izango dira bertan. Horretaz gain, eta aurten berrikuntza bezala, dastaketa gidatuak ere izango dira azokan.


Cider Week, gaurtik

Sagardo Forumarekin bat eginez, gaurtik 29ra asterako Cider Week astea ere antolatu dute, eta aste horretan, dastaketa gidatuak eta uztartze gastronomikoak izango dira bertako zein nazioarteko sagardoekin hainbat taberna nahiz jatetxetan, hala nola, Ibailurren, Ikatzan, Errioguarda-Enean...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!